Pala txapelketa herrikoiko azken finalistak gaur erabakiko dira
Aurreko asteburuan Mutrikuko pala txapelketa herrikoiko finalaurrekoak jokatu eta gero, asteburuan jokatuko diren finaletako bikoteak ia erabakita daude.Zapatuan jokatzekoa zen 1. mailako partidetako batean min hartu zuen jokalari batek, eta, hortaz, p...
Zapatuan jokatzekoa zen 1. mailako partidetako batean min hartu zuen jokalari batek, eta, hortaz, partida gaur jokatuko da Miruaitz frontoian. Beste hiru bikote finalisten izenak erabakita geratu ziren.
Barikuan jokatu zen 2.mailako partidan Zigorrek eta Joxemik 30-14 irabazi zuten Illarraren eta Txutxiren aurka. Zigorrek eta Joxemik osatutako bikote gazteak sasoiko daudela erakutsi zuen, eta «nahikoa erraz» irabazi zion bikote beteranoari.
Zapatuan, berriz, 1. mailako finalaurrekoak jokatu ziren. Hain zuzen ere, Kepa Arrizabalagaren eta Aitorren aurka Igorrek eta Xabi Garaldek jokatu zuten partida da atzeratu dena. Iaz 1. mailako irabazlea izan zen Igorrek palakada jaso zuen ukondoan. «Kepak, nahi gabe, Igor ukondoan jo zuen, eta, ondorioz, partida bertan behera utzi behar izan genuen. Igorrek hezurrean bertan hartu zuen kolpea, eta ez zegoen jokatzeko moduan; minez zegoen, eta zaina arazoak ematen hasi zitzaion», azaldu dute Danok Bat Pelotazale elkarteko arduradunek.
Gaur, 20:00etatik aurrera jokatuko dute, hortaz, bertan behera geratu zen finalerdia.
1. mailako beste finalaurrekoari dagokionez, Isaac-ek eta Manzisidorrek 30-29 irabazi zioten Josuri eta Josebari. Berdinketaz betetako partida jokatu zuten bi bikoteek, eta Miruaitzera hurbildu zirenek azken momentura arte ikuskizuna bermatua izan zuten.
Azkenik, domekan 2. mailako beste finalaurrekoa jokatu zuten. Kepak eta Eduk 30-24 irabazi zioten Joni eta Urtziri. Partida «luze eta nekagarria» jokatu zuten bi bikoteek, ia bi ordukoa. «20. tantora arte, parekatuta ibili ziren bi aurkariak, baina hortik aurrera, Kepak eta Eduk 5 bat tanto egin zituzten, eta partida bukatu arte abantaila hori mantentzea lortu zuten».