Orain arteko posturik onena eskuratu du Aranak
Urtarrilaren 4an hasi zuten auto, moto, quad eta kamioi gidariek 2015eko Dakarra, eta, geroztik, Argentina, Txile eta Bolivia artean ibili dira. Guztira, bederatzi etapetan parte hartu dute, eta, oraindik ere, lau dituzte aurretik. Gaur hamargarren ta...
Itsaso paretik abiatu ziren atzo moto gidariak bederatzigarren etapa bukatzea helburu. Hala hasi zuen Aranak berak ere, 20. postutik. 51 kilometroko bidea eginda hasi zuten erlojupeko tartea (450 kilometro) moto pilotuek; hasieran dunetatik, eta amaieran, zuloz betetako pista irregularretatik igarota. Itsaso parean hasitako bidea, hala ere, 3.500 bat metroko garaiera zeukan helmugan amaitu zuten gidariek.
Ereñarraren arabera, etapa «oso gogorra» izan zen atzokoa; hala ere, etapa osoan zehar lehenengo 20 gidariren artean aritzea lortu zuen. Guztira, 6 ordu, 5 minutu eta 7 segundoko denbora behar izan zuen ereñarrak bederatzigarren etapa amaitzeko; hain zuzen, Helder Rodrigues garaileak baino 58 minutu eta 53 segundo gehiago.
Aurreko etapan ere, emaitza ona lortu zuen Aranak, sailkapenean 18. postua eskuratuta. Hotz handia egin zuen astelehenean Boliviako Uyuni inguruan, eta horren beldur ziren hainbat pilotu, hipotermia arazoak egongo zirelakoan. Hala izan zen, eta, horregatik, parte hartzaileetariko askok bertan behera utzi behar izan zuten lasterketa. Aranak, berriz, «nahikoa lasai» hasi zuen zortzigarren etapa hori; dena den, zenbait arazogaz topo egin zuen bidean. Iparrorratz bezala erabiltzen duen GPSa hondatu egin zitzaion, eta hamar minutuz geldi egon ostean, berori barik aurrera egitea erabaki zuen. Arazoak arazo, etapa «oso ondo» bukatu zuen.
Gainontzeko motoak bezala, bestalde, ereñarrarena ere gatzaren ondorioak pairatzen hasia da, eta, ondorioz, bere mekanikariak lan handia egin behar izaten du.