Nahia Quincocesek maila ona erakutsi du munduko eski kopako lehen proban
Asteburuan jokatu dituen hiru probetako bitan 9. postua eta 14. postua lortu ditu. Ondo ibili da mendexarra, baina akats tekniko bat tarteko, minutu bateko zigorra jaso du lehen probanAlpeetan mendiko koparen munduko txapelketa hasi da asteburuan. Urta...
Asteburuan jokatu dituen hiru probetako bitan 9. postua eta 14. postua lortu ditu. Ondo ibili da mendexarra, baina akats tekniko bat tarteko, minutu bateko zigorra jaso du lehen proban
Alpeetan mendiko koparen munduko txapelketa hasi da asteburuan. Urtarrilaren 10ean, 11n eta 12an hainbat proba puntuagarri egin ziren, eta eliteko mendi eskiatzaileekin batera parte hartzeko aukera eduki du Nahia Quincoces Altuna mendexarrak.Zapatuan Puy Saint Vicent-en (Frantzia) egin zen bakarkako proban 9. postua lortu zuen. Proba amaitzeko ordu bat, 40 minutu eta 4 segundo behar izan zituen mendexarrak. Guztira, 1.500 metroko maldak gainditu behar izan zituzten parte hartzaileek, bost igoeraz eta jaitsieraz.
Quincoces «oso pozik» dago lehen proban lortu zuen 9. postuagaz. Proba «gogorra eta maila handikoa» izan zela nabarmendu du mendi eskiatzaileak. «Proba gogorra bezain polita izan zen. Igoera politak eduki genituen, bat nahikoa gogorra. Hala ere, luzea izan zen proba. Toki zoragarrietan ibili ginen. Beste alde batetik, jaitsiera teknikoak ere izan genituen. Horrez gain, hiru zatitan eskiak motxilan gorde eta oinez joan behar izan ginen».
Domekan, esprinta
Probari dagokionez, ondo ibili zen mendexarra, baina minutu bat «galdu eragin» zion zigorra jaso zuen. Horrek postu bat galarazi zion. Berez, 8. amaitu behar zuen. «Leku batzuetan aldaketak egin behar izaten ditugu, eta aldaketetako bat ez nuen ondo egin. Akats tekniko bat egin nuen».
Zapatuko proba luzearen ostean, domekan esprint lasterketaren txanda izan zen. 4 minutu eta 10 segundoko denbora eginda, 14. postua lortu zuen 700 metro inguruko lasterketan. «Tamalez, sailkapenetik kanpo geratu nintzen. Izan ere, lehen hamabiak sailkatzen ziren bakarrik. Oso pozik nago egindako lanagaz».
Euskal kopa, hastear
Azkenik, astelehenean lasterketa bertikalean parte hartu zuen eskiatzaile mendexarrak. 300 metro inguruko igoera egin behar izan zuten proban parte hartu zutenek. Quincocesek 9. postua lortu zuen 33 minutu eta 21 segundoko denboragaz.
Bi aste barru Andorran jokatuko den munduko kopako hurrengo proba puntuagarrian parte hartzeko asmoa agertu du Quincocesek. Parte hartzaileek Font Blanca-ko eski gunean bakarkako lasterketa eta lasterketa bertikala egin beharko dituzte, hurrenez hurren. Eta Ez da hori izango epe laburrean jokatuko duen proba bakarra. Hiru aste barru hastekoa den Euskal Kopan ere parte hartuko duela jakin eragin du.