Mantzizidorrek oraindik ez du abokatuarekin egoterik izan
Epailearen aurrera eraman zituzten atzo sei lagun; Ostolaza izan zen lehena deklaratzen, eta libre utzi zuen. Gainontzekoek gaur deklaratzea espero duteKonfiantzazko abokatuagaz egoteko aukerarik ez du izan oraindik Kepa Mantzizidorrek. Guardia Zibilak...
Epailearen aurrera eraman zituzten atzo sei lagun; Ostolaza izan zen lehena deklaratzen, eta libre utzi zuen. Gainontzekoek gaur deklaratzea espero dute
Konfiantzazko abokatuagaz egoteko aukerarik ez du izan oraindik Kepa Mantzizidorrek. Guardia Zibilak Tres Cantosen (Madril) duen Komandantzian dute, beste bederatzi atxiloturekin batera. Egunkari hau ixterako orduan, senideek oraindik ez zekiten mundakarra gaur edo bihar eramango duten epailearen aurrean; «ziurrenik, gaur».Atzo, aldiz, polizia operazioan atxilotutako sei lagun eraman zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera: Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza, Nagore San Martin, Eukene Jauregi, Amaia Izko eta Haizea Ziluaga. Hitzaren edizio hau ixterakoan, bi ziren epailearen aurrean deklaratu zutenak; Onintza Ostolaza abokatua izan zen epailearen aurrean deklarazioa ematen lehena, eta hura libre uzteko agindua eman zuen Eloy Velascok. Arantxa Aparicio izan zen bigarrena deklaratzen, baina hari buruzko erabakirik hartu gabe zuen epaileak egunkari hau ixterako. Beste lau ere falta ziren deklarazioa emateko.
Herritarren protestak
Asteleheneko polizia operazioa salatzeko, mobilizazioak egin zituzten atzo Bermeon, Ibarrangelun eta Gernika-Lumon. Azken horretan, Arrano Etxea miatu zuen Guardia Zibilak astelehenean. Zazpi ordu iraun zituen poliziaren miaketak, eta, salatu dutenez, Auzitegi Nazionalaren auto batek ematen dieten «inpunitatea» erabiliz, «lapurreta lotsagarria» egin dute. «Lan politikoa egiteko erabiltzen diren ordenagailu guztiak atzeman dituzte, materiala eta dokumentuak ere eraman dituzte, eta egoitzan zegoen dirua lapurtu dute, 5.000 euro inguru».
Azken egunotako gertakariak salatzeko, ehunka lagun izan ziren atzo Gernika-Lumon manifestazioan atera zirenak.
Ibarrangelun eta Bermeon, aldiz, elkarretaratzea egin zuten bateko zein besteko herritarrek, protesta gisa.
Gernika-Lumoko Arrano Etxea ez ezik, beste hainbat taberna eta elkarte miatu zituen Guardia Zibilak herenegun. LAB sindikatuak Bilbon duen egoitzara ere sartu ziren poliziak, eta zapatuan, Sarek antolatuta, Bilbon presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra egin zen mobizilizazio jendetsuan batutako dirua (90.000 euro) eraman zuen Guardia Zibilak.
Dirua bueltatu dezatela
Horren harira, zapatuko mobilizazio jendetsua eta atzoko gertakariak banatzea «zaila» egiten dela esan du Sarek. «Esku artean dugun informazioaren arabera, LAB sindikatuaren erregistroa larunbatean kuestazioagaz mobilizazioan jaso genuen dirua kentzeko asmoagaz eraman da aurrera». Hala, konfiskatu duten diru hori bueltatzeko exijitu dute, eta argi utzi du LAB sindikatuak ez duela inolako erantzukizunik; «egin duen bakarra jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera eman izana da. Gaur goizera arte, banku bulegoak itxiak zeudelako». LABeko egoitzatik Guardia Zibilak atzo eraman zuen dirua herritar mobilizazio honen antolakuntza gastuei aurre egiteko bildu zutela argitu du Sarek. Gaur, 16:30ean, prentsaurrekoa emango du, azken gertakariak direla-eta, egitekoak dituen ekimenen berri emateko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gertakari hauen larritasunaren aurrean, argi eta garbi adieraz dezala bere jarrera zein den, gertakari horien berri hedabideen bitartez izan badu ere.