La Salvera deklaratzera joateko abisua hartu du Ibon Meñikak
Gaur hartu du zitazioa, Guardia Zibilaren eskutik
2013ko irailean Herrira-ren kontra egindako operazioan atxilotutakoek Guardia Zibilaren deia edo abisua jaso dute gaur eguerdian, baita Ibon Meñika Gernika-Lumoko bizilagunak ere. Langileen kontrako delitua egotzita, komandantzietara deklaratzera joateko abisua hartu dute. Meñikak, eta auzian inputatu zituzten bizkaitarrek bihar Guardia Zibilak Bilbon duen La Salveko kuartelera joan beharko dute deklaratzera. Gernika-Lumon, etxe atarian, zain zituen Meñikak guardia zibilak, zitazioa eskura emateko. Bera, baina, Zamudion zen, jaioterrian.
“Auzian inputatuta dauden zenbait gipuzkoar eta nafarrek izan dute Guardia Zibilaren deia lehenengo; bizkaitar eta arabarrei hasiera batean ez digute deitu”.
Langileen kontrako delituarena inputazio berria da, eta asteleheneko polizia operazioarekin zerikusia izan dezakeela uste dute. “Deklaratzera joan behar dugu, eta gure abokatuak astelehenean atxilotu zituzten. Guardia Zibilaren kuartelera joan behar dugu, gainera. Horrek harritu egin gaitu”. Deklaratzera joateko, LAB sindikatuko abokatuen laguntza izango dute.