Giza eskubideak, bakea eta konponbidea eskatuko dituzte
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascoren aginduz, Guardia Zibilak astelehenean burututako polizia operazioa salatzeko manifestazioa egingo dute zapatuan. 17:00etan abiatuko da martxa, Donostiako Antiguako tuneletik. Giza eskubideak, bakea...
2014ko urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazioaren leloa izan zen hori, eta 130.000 herritarrek bat egin zuten eskakizun horrekin. Joan den larunbatean, presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra batu ziren 80.000 lagun inguru Bizkaiko hiriburuan. Bi egun geroaro herenegun burututako polizia operazioa dela eta, eragile politiko, sozial eta sindikalek bilera egin zuten atzo goizean, balorazio bateratua egiteko. Batzarrean bildu ziren, besteak beste, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA eta LABeko ordezkariak, eta hilaren 17rako mobilizazio bateratua deitzea erabaki zuten.
04/08 epaiketako kideak, abokatuak, AHT elkarlana, Alternatiba, Aralar, Bilgune Feminista, CGT, LNK Euskal Herria, CNT, Ezker Batua, Egiari Zor, EHE, EHNE, ELA, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, ESK, STEE, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, Gite-Ipes, Goldatu, HIRU, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Lokarri eta Sortu dira deitzaileak. Iazko eskakizun berak izan arren, orain, deitzaileen artean ez dago EAJ.
Abokatuak, bahituta
Etxerat elkarteak ere polizia operazioaren balorazioa egin zuen. Haren arabera, ez da kasualitatea izan herenegungo polizia operazioa Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren bezperan eta Bilboko manifestazioaren ondoren izatea.
Etxeratek esan zuenez, Espainiak abokatuak bahitu ditu Europan Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko. Atxiloketak salatu ditu, eta presoek daukaten defentsarako eskubidea «urratu» egin dutela azpimarratu du.