Bigarren eskuko azoka egingo dute zapatuan Mundakan
Jadanik erabiltzen ez dituzten gauzak dituzten horiek, zapatuan Mundakan egingo duten bigarren eskuko azokan saltzeko edo trukatzeko aukera izango dute. Plazan egingo dute azoka hori eta derrigorrezkoa da aurretiaz izena ematea.
Antolatzaileek jakinarazi legez, gehienez, hogei erakusmahai egon daitezke. Soberan dituzten gauzak saltzeko asmoa duten horiek, beraz, 677 002 608 (Mili) telefono zenbakira deitu beharko dute erreserba egiteko. Bihar da izena emateko azken eguna. Edozein gauzarekin parte hartu daiteke azokan, janaria eta abereak izan ezik, «debekatuta daude». Azokara eroaten diren gauzak, bestalde, egoera onean egon beharko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Parte hartzaile bakoitzak Mundakako Udalak utzitako mahai bat eta aulki bat izango du. Azoka amaitzerakoan, bakoitzak erakusmahaia izan duen tokia garbi uzteko konpromisoa hartzen du.
10:30eatik 14:30eara izango da azoka Mundakako udaletxe aurreko plazan.