Itxaro Zabala Udal Kirol Patronatuko zuzendaria, Irune Ormaetxea Kirol zuzendaria eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkaria
Goizeon aurkeztu dute Irune Ormaetxea kirol zinegotziak, Itxaro Zabala Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak eta Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkariak urtarrilaren 25ean, domekan, egingo den lasterketa. Aurten berritasunekin dator, gainera. Adin guztietako emakumeek “kirol jai” honetan parte hartu ahal izateko, lasterketa testimoniala antolatu dute. Kilometro bateko ibilbidea izango da eta horren helburua “emakumea Bermeoko herri lasterketan korrika, kirola egiten” ikustea dela azaldu dute.
Iaz, 253 pertsona nagusik parte hartu zuten herri lasterketan, horietatik 67 izan ziren emakumeak. Ormaetxeak azaldutakoaren arabera, “nesken presentzia, iaz, 2013an baino ia hiru aldiz handiagoa izan zen. Hala ere, horien parte hartze handiagoa lortzen saiatu behar gara, neskei kirola egiten kalean ikusi behar zaielako”. Aurten, mutilen eta nesken parte hartzea orekatzea dute erronka nagusi.
http://youtu.be/6rPvppQanRE
Ildo honetan, aurten, herri lasterketan batzen duten dirua herrian emakumeen alde lan egiten duten elkarteen artean banatuko dutela adierazi dute. Erroxape eta Sareginek dira bi talde horiek.
“Kirola guztiona”
Lasterketaren izaera “herrikoia eta soziala” nabarmendu dute beste behin ere antolatzaileek: “lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea”. Bestalde, “kirola federatuen gauza ez ezik, guztiena delako, eta eta kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea delako” herritar guztiak gonbidatu dituzte lasterketan parte hartzera, eta dei berezia egin die oraingoan herriko neskei.
Hala, aurrekoetan egin modura, bost lasterketa antolatu dituzte. Adin guztietako parte hartzaileak Lameratik abiatuko dira.
- 10:45. 15 urtetik gorakoentzako lasterketa nagusia. 8 kilometroko ibilbidea izango da. Lasterketa testimoniala ere ordu berean hasiko da, baina kilometro bakarrekoa izango da.
- 12:00. 11 eta 14 urte bitartekoak. 1.500 metroko ibilbidea egingo dute. Adin tarte horretako gazteek, lasterketa nagusian ere parte hartu ahalko dute, pertsona nagusi baten ardurapean.
- 12:20.1 7 eta 10 urte bitartekoak. 800 metroko ibilbidea egingo dute.
- 12:50. 3 eta 6 urte bitartekoak. 100 metroko ibilbidea egingo dute.
Jon Iturbe Taraska Atletismo taldeko ordezkariak lasterketa nagusiak eta testimonialak egingo duen ibilbidea azaltzen du:
http://youtu.be/9tJhpdK-5Jo
Bermeoko XI. herri lasterketan parte hartu gura duten horiek Bermeoko Arane kiroldegian eman beharko dute izena. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, 10:15ak arte. Hala ere, antolatzaileen lana erraztu aldera, aurretiaz izena emateko eskaera egin dute. Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bana ordaindu beharko dute, eta, nagusiek. barriz, euro bina. Izena emateko orduan korrikalari bakoitzak dortsal bana jasoko du, lasterketa egunean eramateko.
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar, horretarako gune bat egongo baita. Amaitzerakoan, berriz, parte hartzaileek janari eta edatekoa jasoko dutela esan dute antolatzaileek, eta dutxatzeko aukera ere izango dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian. Bestalde, aurten, umeen artean, Bermeoprintek 5 euroko 20 bale banatuko ditu.