Aurrekoan baino postu bat beherago, 15. ailegatu da Arana gaurko etapan
Aurreko etapan 14. postua bereganatuta, postu horretatik atera zen Arana atzo hamargarren etapari ekiteko. Hamalaugarren postua ez, baina 15. postua bai lortu du gaur ereñarrak.
Calamatik abiatuta eta Txile atzean utzita, Salta probintzia izan du helmuga gaurkoan; hain zuzen, Cachi herria. Beste hainbat moto gidarigaz batera, 4.970 bat metrotara dagoen Abra del Acay pasabidetik igaro behar izan du gaur Busturialdeko pilotuak. Hain zuzen, 04:22:42ko denbora behar izan du Aranak bide hori egiteko; lehenengo ailegatu den Barredak baino 15’31’’ gehiago, hain justu. Helmugara ailegatu den lehen Yamaha motoa izan da Busturialdeko pilotuarena.
Marathoi estilokoa izan da gaurko etapa ere; hori dela eta, helmugara iritsitakoan parte hartzaileek ez dute motoa konpontzeko eta eguneratzeko laguntzarik jaso, pilotuen artean moldatu beharra dute horretarako.
Hasierako 385 kilometroak eginda, erlojupeko tarte osoa (371 kilometro) Argentinako txokoetatik egin behar izan dute; hasieran, lurrezko pistetan, eta, ondoren, harrizkoetan. Hamargarren etapa aurretik ere gogorra bazen, are gogorragoa egin du ibilbideak hartutako garaierak. Izan ere, moto gidariek 3.500 eta 4.500 metro arteko garaiera duten tokietatik zehar gidatu behar izan dute.
Hamar etapa burututa, azkenengo hirurak dituzte egiteke Dakarreko auto, moto, quad eta kamioi gidariek. Orain arteko ibilbidea jarraituz gero, lasterketa borobila egingo luke Ereñoko pilotuak. Etapaz-etapa eta egunez-egun, sailkapen orokorrean goranzko joera hartu du ereñarrak. Hilaren 4an hasi zuen Dakarra Aranak, eta egun horretako etapan 56. postua eskuratzeagaz konformatu behar izan zuen. Azken hiru etapetan, berriz, lehenengo 20 postuen barruan kokatzea lortu du.
Aurrerantzean eta azken hiru etapa horietan, hala ere, gogor ekin beharko dio ereñarrak moto gainean. Aranak Dakar lasterketa sailkapen orkorreko lehenengo hamar postuen barruan bukatuko duela pentsatzen duenik ere bada. Momentuz, behintzat, 11. etapa izango du hurrengo egitekoa. Bihar izango da hori, eta Saltatik Termas Rio Hondorainoko bidea egin beharko du, erlojupean 357 kilometro eginez.