Mantzisidorren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea, Mundakan
Antza denez, gainontzeko atxilotuak ere han dituzte, eta gaur abokatuekin egoteko aukera izan dute arratsaldean epailearen aurrera deklaratzera eramango dituzten seirak:
Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza, Nagore San Martin, Eukene Jauregi, Amaia Izko eta Haizea Ziluaga. Gainontzeko atxilotuak, aldiz, ez dakite oraindik bihar ala etzi ermanago dituzten epailearengana. Abokatuekin bilera izan dute eguerdian atxilotuen senideek, eta, antza denez, bihar barik, etzi eramango dituzte beste 11 atxilotuak deklaratzera.
Guardia Zibilarengandik jasotako tratua zuzena izan dela esan omen diete abokatuei, eta osasun arazoren bat dutenen kasuan, medikazioa jasotzen ari direla.
Atzoko polizia operazioak erreakzio ugari sortu ditu, eta datozen ordu zein egunetan ere mobilizazioak izango dira. Gernika-Lumon 19:00etan egingo dute protesta, gaur, Merkurio aurrean. Bermeon, 20:00etan batuko dira, Goiko Plazan; eta Ibarrangelun 19:30ean.
Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka
operazio zabala egin zuen Guardia Zibilak atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascoren agindupean. 12 abokatu eta lau herritar atxilotu zituzten, eta, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren esanetan, «espetxeetako fronteko» abokatuen alorra eta «aparatu ekonomikoa» jo ditu operazioak.
Gainera, hainbat elkarte eta taberna ere miatu zituen Guardia Zibilak; tartean,
Gernika-Lumokoa. Bilbon, LAB sindikatuaren egoitzara ere sartu ziren poliziak, eta zapatuan, Sarek antolatuta, Bilbon presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra egin zen mobizilizazio jendetsuan batutako dirua (90.000 euro) eraman zuen Guardia Zibilak. Horren harira, zapatuko mobilizazio jendetsua eta atzoko gertakariak banatzea “zaila” egiten dela esan du Sarek. “Esku artean dugun informazioaren arabera, LAB sindikatuaren erregistroa larunbatean kuestazioarekin mobilizazioan zehar jaso genuen dirua kentzeko asmoarekin eraman da aurrera”. Hala, konfiskatu duten diru hori bueltatzeko exijitu dute, eta argi utzi du LAB sindikatuak ez duela inolako erantzukizunik; “egin duen bakarra jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera eman izana da. Gaur goizera arte, banku bulegoak itxiak zeudelako”.
LABeko egoitzatik Guardia Zibilak ato eraman zuen dirua herritar mobilizazio honen antolakuntza gastuei aurre egiteko bildu zutela argitu du Sarek. Datozen egunetan agerraldi bat egingo duela aurreratu du, jokaera antidemokratikoen aurreran egitekoak dituen ekimenen berri emateko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gertakari hauen larritasunaren aurrean, argi eta garbi adieraz dezala bere jarrera zein den, gertakari horien berri hedabideen bitartez izan badu ere.
Mundu mailako sindikatuen federazioak ere salatu du atzo poliziak LABeko egoitzara sartu izana. Salaketa hori, bost kontinenteetako 90 milioi afiliatuen izenean egin duela azaldu du, gainera. LAB sindikatua mundu mailan onespena duen erakundea dela esan du, eta errespetua zor zaiola. Era berean, atxilotutako abokatu eta euskal herritarrak aske uzteko eskatu du.