Julen De Diegok irabazi du Ondarroako I. Bodyboard Txapelketa herrikoia
Txapelketa Gabonetan egitekoak ziren, baina «olatu faltagatik» asteburuan egin dute. Puntuatzeko orduan epaileek maniobren ikusgarritasuna eta olatuaren zailtasuna eduki dituzte kontuanSariketako «bi olaturik onenak» hartuta, Julen De Diegok irabaz...
Txapelketa Gabonetan egitekoak ziren, baina «olatu faltagatik» asteburuan egin dute. Puntuatzeko orduan epaileek maniobren ikusgarritasuna eta olatuaren zailtasuna eduki dituzte kontuan
Sariketako «bi olaturik onenak» hartuta, Julen De Diegok irabazi du Ondarroako I. Bodyboard Txapelketa Herrikoia. Denetara, hamabost bodyboarderrek parte hartu dute Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak antolatutako txapelketan.Gabonetan egin behar zuten txapelketa, baina denbora tarte horretan «baldintza egokirik egon ez zenez», zapatura atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek.
Zapatuan 07:00etarako zegoen iragarrita itsasgora, eta parte hartzaile guztiek egoera horretara egokitu behar izan zuten. Denak 07:00etarako prest zeuden Arrigorri hondartzan. Ostean, antolatzaileek zozketa egin zuten txandak zehazteko.
08:15ean hasi zen txapelketa. Izan ere, ordu horretan eguna egiten hasi zen. «Argi pixka bat izan genuenean hastea erabaki genuen. Itsasbehera hasita zegoen, eta ez genuen nahikoa astirik», azaldu du Jon Haitz Badiola Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko kideak. 09:45ean amaitu zuten goizeko saioa, itsasbehera nabarmentzen eta olatuak gutxitzen hasi zirenean.
15 minutuko saioak
Eguerdi partean, aldiz, uretako motor baten laguntzagaz, wakeboard egiten ibili ziren, ikusleen gozamenerako. «Azken momentuan sortu zen gauza izan zen uretako motorrarena. Lagun batek uretako motorra zuela esan zigun, eta txapelketara ekarri zuen. Denok probatzeko aukera eduki genuen».
Goizeko saioan 20 minutuko txandak egin bazituzten ere, iluntzean 15 minutu txandak egitea erabaki zuten. «Bigarren txanda eta finala egiteko 2 ordu eta 10 minutu behar genituen. 18:15ak inguruan gaua egingo zuela jakinda, 16:00etarako hasi behar genuen, baina ordu horretan ez zegoen behar besteko itsasgorarik. Azken orduan 15 minutuko saioak egitea erabaki eta arratsaldeko saioa beranduago hastea lortu genuen. 16:45ean hasi ginen».
Arratsaldeko saioa 18:20ean amaitu zuten. Iluntzean giro polita egon zen. Izan ere, nahikoa jende bildu zen Arrigorrin. Metro pasatxoko olatuak izan zituzten. «Nahikoa justu, baina jolasteko beste eduki genuen».
Punturik gehien
Behin bigarren txanda jokatuta, punturik gehien lortu zuten lau parte hartzaileek finalean jokatzeko aukera eduki zuten. Epaileek puntuazioa emateko orduan olatuan zenbat maniobra egiten zuten, maniobren ikusgarritasuna, olatuaren zailtasuna eta ikusleen artean eragiten zuten giroa izaten zituzten kontuan, hurrenez hurren.
Julen De Diegok, Aitor Etxeberriak, Gorka Aginagak eta Jon Haitz Badiolak finala jokatzeko aukera eduki zuten. Finala gogorra izan zela nabarmendu dute parte hartzaileek. «Gaua egiten hasita zegoen, eta ez genuen askorik ikusten». Hala eta guztiz ere, olatu eder batzuk hartzeko aukera izan zuten finalean parte hartu zuten lau kideek.
Julen De Diegok irabazi zuen txapelketa, «bi olatu oso onak hartuta». Sailkapenean atzetik eduki zituen Aitor Etxeberria, Jon Haitz Badiola eta Gorka Aginaga, hurrenez hurren. Olaturik onenaren saria, aldiz, Borja Basterretxearentzat izan zen. Arratsaldeko saioan txapelketako hodirik onena hartu zuen, «ikusle guztiak oihuka ipiniz».
Antolatzaileek lehenengo txapelketa «oso ondo» joan dela nabarmendu dute, eta errepikatzeko gogoagaz geratu dira. «Egia esan, pentsatu baino hobeto irten du denak, bikain. Eskerrak eman nahi dizkiegu txapelketa antolatzen eta berau posible egin duten guztiei, eta zelan ez, bertan parte hartu duzuenoi».