Bederatzigarren etapan ariko gaur Arana Dakarren
Uyunin hasi eta Iquiquerako bidean, 17. postuan zihoan Dakarreko zortzigarren etapako 13. puntuan Txomin Arana Ereñoko moto gidaria. HITZA egunkaria itxi zenean, azken puntua igarota zuen, eta helmugara ailegatzeko kilometro gutxi batzuk baino ez zitz...
Bolivia utzita, Txileko kostalderantz abiatu ziren atzo Dakarreko parte hartzaileak, hogeita hamarnaka. 3.000 metro baino gehiagoko garaierako bidea eduki zuten atzoko etapan egiteke; 472 kilometro hasieran (Boliviako gatzagetan eta pistetan zehar), 270 kilometro ondoren (errepidez), eta, 40 kilometro azkenik (Iquiqueko dunetan).
Nahasmen handiko etapa izan zen atzokoa; moto gidari askok bertan behera utzi zuten lasterketa, eta beste zenbaitek denbora asko galdu zuten. Marathoiko (helmugan laguntzarik eza) bigarren eguna izan zen atzokoa; izan ere, zazpigarren etapan egin zuten lehena.
Zapatuko atsedenaren ostean, «ondo» ekin zion Aranak Txile eta Bolivia arteko zazpigarren etapari, domekan. Baina erorketa baten ondorioz, ihes-hodia okertu zitzaion, eta, beraz, berau zuzentzeko lanetan jardun zuen. Gauzak horrela, hala ere, 26. postuan bukatu zuen zazpigarren etapa ereñarrak. Horrek sailkapen orokorrean 28. postura igotzea ahalbidetu zion.
Hainbat dira Dakar lasterketa eta Txomin Arana bera ere gertutik jarraitzen dutenak, eta hala dela erakutsi zuten asteburuan horietako askok. Gernika-Lumoko Ipar eta Ai Ene tabernetan bildu ziren motorzaleak, lasterketari eta ereñarrari buruzko iritziak elkarbanatzeko. «Oso giro ona» sortu zen bertan.
Zapatuan bukatuko dute moto gidariek Dakarra. Hilaren 24rako, berriz, ongietorria egingo dio Gernika Off Roadek Aranari. Elkarteko kideez gain, herritarrak ere izango dira bertan. Bazkaria egingo dute egun horretan, eta parte hartu nahi duenak Ipar tabernan erosi beharko ditu bertarako txartelak. Azken eguna hilaren 17a izango da.