Aretxabaleta eta Bengoetxea VI bigarren postura igo dira
Hirugarren puntua eskuratu dute Bergarako norgehiagoka irabazita. Urtarrilaren 31ko partidako txartelak saltzen hasiko dira barikuanOinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta erraz nagusitu ziren Bergaran. Markina-Xemeingo pilotariak eta Leitzakoak 22 e...
Hirugarren puntua eskuratu dute Bergarako norgehiagoka irabazita. Urtarrilaren 31ko partidako txartelak saltzen hasiko dira barikuan
Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta erraz nagusitu ziren Bergaran. Markina-Xemeingo pilotariak eta Leitzakoak 22 eta 8 irabazi zieten Beñat Rezusta eta Aritz Lasari bariku iluntzean izandako norgehiagokan, eta txapelketako hirugarren puntua lortu zuen bikoteak.Julen Retegi sukarrak jota zegoela eta Aritz Lasak hartu zuen haren lekua. Gorriak hasieratik izan ziren jaun eta jabe, eta momentu guztian ibili ziren aurretik markagailuan. Oinatz Bengoetxeak argi utzi zuen sasoi onean dagoela, eta Aretxabaletak neurketa serioa jokatu zuen.
Emaitza bikainaren ondorioz, bigarren jarri da bikotea Binakako Txapelketaren sailkapenean; Ezkurdia eta Zabaleta dituzte bakarrik aurretik, lau puntugaz.
Hurrengo jardunaldian, Olaizola II-Beroiz bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Zapatuan izango da haien arteko partida, Iruñeako Labrit pilotalekuan, 17:30ean.
Uni frontoian hitzordua
Barikuan hasiko dira saltzen, bestalde, urtarrilaren 31n Markina-Xemeinen Aretxabaletak eta Bengoetxeak Berasaluze II eta Zubietaren kontra jokatuko duten Binakako Txapelketako partidako sarrerak. Txartelak 15 euro, 20 euro eta 25 eurotan egongo dira eskura pilotaleku nagusiko leihatilan.
17:30ean hasiko da pilota jaialdia. Aurretik Urrutikoetxea eta Iza eta Elezkani II eta Ibai Zabalaren arteko partida ikusteko aukera egongo da.