Aitor Lizardik irabazi du Mutrikuko Ziriako Andonegi sariketa
Literatur lehiaketako sari nagusia irabazteaz gain, mutrikuar onenaren saria ere eskuratu du Lizardik. 16 eta 18 urte artekoetan Lorena Arreitunandia izan da irabazleaAitor Lizardi mutrikuarrak irabazi du 2014ko Mutrikuko III. Ziriako Andonegi Literatu...
Literatur lehiaketako sari nagusia irabazteaz gain, mutrikuar onenaren saria ere eskuratu du Lizardik. 16 eta 18 urte artekoetan Lorena Arreitunandia izan da irabazlea
Aitor Lizardi mutrikuarrak irabazi du 2014ko Mutrikuko III. Ziriako Andonegi Literatur Lehiaketa. Sari nagusia irabazteaz gain, Lizardik mutrikuar onenaren saria ere eskuratu du.Lanak aurkezteko epea 2014ko azaroaren 18an amaitu zen, eta sariketa Gabonetan egin zuen Mutrikuko Udalak. Guztira, hamabost lan aurkeztu zituzten lehiaketara, eta horietatik bost izan dira mutrikuarrenak. Horien guztien artean, Lizardiren Taupadak lana izan da onena epaimahaiarentzat; mutrikuarrak 600 euroko saria eskuratu du.
Baina Lizardik beste lan bat ere aurkeztu zuen lehiaketara: Sagarrak belarretan izenburua zuen bigarren lanak. Eta hain justu, herriko idazle onenari ematen zaion 200 euroko saria jaso du lan horrek. Horrela ba, Lizardik bi sari jaso ditu.
Izan ere, lehiaketako oinarrien arabera, idazle berak ezin zuen lan beragatik bi sari jaso. «Bi lan ezberdinekin hainbat sari jasotzeko aukera egon da», gaineratu dute udal ordezkariek.
Ez da estreinako aldia Lizardik sariketa irabazten duena. Izan ere, 2014an bezala, 2013ko lehiaketan ere sari nagusia eta mutrikuar onenaren saria eskuratu zituen.
Lan onenak saritzea helburu
Orduan, Iratxe Gimenez Mutrikuko Udaleko kultura teknikariak lehiaketaren helburua lan onenak saritzea zela azpimarratu zuen. «Lan onenak saritzea izan da lehiaketaren irizpidea hasieratik. Idazle berarenak diren edo ez epaimahaikideek ez dakite».
16 eta 18 urte artekoen artean, aldiz, Lorena Arreitunandia mutrikuarra izan da garailea. Arnas hatsa heriotzarako bidea lanagatik 100 euroko saria jaso du Arreitunandiak. Bestalde, herriko literatur zaleek ematen duten saria Nahia Velez de Mendizabal herritarrarentzat izan da (Etxeko amets gaiztoa).
2013ko lehiaketan, esaterako, 16 eta 18 urte artekoetan ez zen lanik aurkeztu.
Sariak Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak eta Joxemari Etxaburu kultura zinegotziak banatu zituzten.
Aurrera begirako asmoak
Azken sariketan epaimahaia nortzuk osatu duten ere jakitera eman du udalak: Mikel Aizpurua, Nekane Agirre eta Joxe Mari Ulazia.
Saritutako lanak Mutrikuko Udalaren webgunean (www.mutrikukoudala.net) argitaratuko badira ere, udalarentzat lan sarituekin liburu bat egitea litzateke egokiena. «Ederrena bizpahiru urtetako lanak hartu eta liburu batean argitaratzea izango litzateke».