Gernika eta Lumo batu zireneko urteurrena gogoratuko dute bihar
Gernikazarra Historia Taldeak ibilaldia antolatu du bi herrien bat egitea gogoan izateko. Lau ordu inguruko txangoan historia eta kirola uztartuko ditu taldeakAzken urteetan egin bezala, aurten ere Gernikaren eta Lumoren bat egitea izango du gogoan Ger...
Gernikazarra Historia Taldeak ibilaldia antolatu du bi herrien bat egitea gogoan izateko. Lau ordu inguruko txangoan historia eta kirola uztartuko ditu taldeak
Azken urteetan egin bezala, aurten ere Gernikaren eta Lumoren bat egitea izango du gogoan Gernikazarra historia taldeak. Hain zuzen, Gernika-Lumoko mugetatik egingo duten ibilaldi bategaz gogoratuko dute bi herrien bateratzea. Txangoan historia eta kirola uztartuko dituzte. Izan ere, zenbait puntutan herriko historiari buruzko azalpenak emango dituzte taldeko kideek.Ibilaldia etzi egingo dute, 09:00etan hasita. Gernikazarrakoek azaldu dutenez, edonork parte hartu dezake. Hala, herriko historia ezagutu nahi dutenei ekitaldiagaz bat egiteko deia egin diete. Gomendio bakarra eman dute taldeko kideek: mendiko botak eramatea, lau ordu inguruko txangoa izango baita.
Gernikak eta Lumok 1882ko urtarrilaren 8an egin zuten bat. Erdi Aroan, Lumoko eleizatearen auzoetako bat zen Gernika, eta eleizatearen portu funtzioak betetzen zituen. 1366an, baina, Don Tello kondeak hiribildu izaera eman zion Gernikari, Lumorengandik askatuz.
Lumok ez zuen begi onez hartu erabaki hori, eta mendeetan hainbat auzi eta liskar izan ziren bi herrien artean. XIX. mendearen amaieran, hala ere, eleizatea eta hiribilduaren arteko harremanak hobetzea ezinbestekotzat jo zuten gernikarrek zein lumotarrek.
Bi herriak batzeko arrazoi nagusia garai hartan sortutako industrializazio prozesua izan zen. Hain justu, industria bertora erakartzeko modu egokiena bi herriek bat egitea zela zeritzon garai hartako udal arduradun talde batek. Gernikak industria garatzeko legedi egokia zuen, baina ez zuen lursail egokirik. Lumok, bestalde, lursail handiak zituen, baina ez legedia egokia. Hala, herriko ekonomia hobetzeko egin zuten bat bi herriek.