Atzo goizaldeko sutean larriki zauritu zen gizonezko bat
Zauritutako gizonezkoaz gain, sutea gertatu zen eraikinean bizi diren beste sei bizilagun Mendaroko ospitalean hartatu behar izan zituzten, kea arnasteagatik Nerea BedialaunetaTxurruka Tenienteak 11 zenbakian sutea izan zen atzo goizaldean. Eraikineko ...
Zauritutako gizonezkoaz gain, sutea gertatu zen eraikinean bizi diren beste sei bizilagun Mendaroko ospitalean hartatu behar izan zituzten, kea arnasteagatik Nerea Bedialauneta
Txurruka Tenienteak 11 zenbakian sutea izan zen atzo goizaldean. Eraikineko beheko solairuan hasi zen sutea, 02:30ak inguruan. Guztira, zortzi lagun zauritu ziren.Zaurituen artean sutea gertatu zen etxebizitzako bizilaguna dago. 51 urteko gizonezkoa erredurekin eta kea harnastuta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gorputzaren %6 erre zaio, eta bigarren mailako erredurak ditu. Batez ere, aurpegi, lepo eta sorbaldan ditu erredurak. Bere diagnostikoa erreserbatua zen atzo.
Eraikinean bizi diren beste sei bizilagun ere ospitalera eraman zituzten, tartean 2 urteko adin txikiko bat. Guztiak kea harnasteagatik eraman dituzte ospitalera. Goiza aurrera joan ahala, alta jasotzen hasi ziren Mendaron artatu zituzten bizilagunak.
Horrez gain, sutean laguntzen saiatu zen ertzain bat ere zauritu zen. «Kea arnastu zuen, eta Ondarroako osasun etxera eraman zuten», esan zuen Segurtasun Sailak.
Kea, oso nabarmena
Ertzaintza eta suhiltzaileak gertaera ikertzen ari dira, baina dirudienez, sutea beheko solairuko bizilagun batek piztuta utzitako zigarroak sortu zuen. Informazio iturrien arabera, zigarroa erretzen zegoen bizilagunak lo hartu zuenean hasi zen sua. Koltxoiak su hartu zuen lehendabizi, eta ostean, sua etxe osora zabaldu zen.
Sua itzaltzeko hainbat suhiltzaile bertaratu behar izan ziren. Suhiltzaileek jakitera eman zutenez, 05:30ak inguruan itzali zuten.
Ertzaintza gertaera egon zen etxera joan zenean, kea oso nabarmena zen. Ertzainez gain, hainbat anbulantzia eta suhiltzaile ere bertaratu ziren. «Bizilagun batzuk balkoietara aterata aurkitu genituen», gaineratu dute ertzainek.
Une oso gogorrak
Kea handia zela nabamendu zuen Angela Molinak sutea gertatu den etxebizitzako bizilagunak. «Ke asko zegoen, eta ezer gutxi ikusten zen. Ni lotan nengoen, eta atea ireki nuenean dena sutan zegoen».
Une oso gogorrak bizi izan ziren atzo goizaldean Mutrikun. «Etxea sutan zegoela ikusi nuenean bizilagunei suhiltzaileei deitzeko oihu egin nien. Telefonoak ez zuen seinalerik ematen. Ezin nuen inora deitu. Dirudienez, bizilagunen batek eman zuen alarma abisua. Nire alabak ere deitu zuela uste dut. Izan ere, alaba beherago bizi da».
Molinaren senarra oso larri dago Gurutzetako ospitalean. «Ospitalera deitu eta larri dagoela esan zidaten. Lasaigarriak emanda eta intubatuta zeukaten. Momentuz, ez zegoela kontziente esan zidaten. Mendaroko ospitalean egon nintzen goiz osoan. Nire alabak senarra zer moduz dagoen ikustera joan ziren», azaldu zuen erabat kezkatuta.
Mendaroko ospitaletik irten eta etxea nola zegoen ikusteko aukera izan zuen Molinak. Etxearen egoera zelan zegoen ikusi zuenean erabat hunkitu zen Molina. Etxearen barrualdea kiskalita zegoela ikus zitekeen, hormak belztuta, sabaiko argiak dindilizka eta leiho batzuk apurtuta. «Dena erreta dago», esan zuen erabat atsekabetuta etxean sartu zenean. Malko artean irten zuen bere etxetik.
Sutea gertatu zen gaineko etxebizitzan ere une latzak pasa zituzten. «Lotan geunden, eta zarata entzun genuen. Irtetzeko esaten ziguten oihuak entzun genituen. Etxe sarrerako atea ireki genuen, eta ke asko zegoela konturatu ginen. Eskailerak kez beteta zeuden, eta handik ezin zen irten», azaldu zuen Ana Pagoaga bizilagunak.
Batzuk ezin irtenda
Eskailerak kez beteta zeudela ikusi zutenean, lehenengo solairuko bizilagunek balkoitik irten zuten. «Alboko eraikineko lehenengo solairuko balkoira joan ginen, harrizko erlaitz gainetik joanda. Alboko eraikineko bizilagunei abisatu genien. Nire senarrak umeak hartu zituen, eta alboko balkoikoari pasatzen joan ginen umeak. Gero, gu ere balkoitik pasa ginen alboko eraikinera, eta handik irtetzea lortu genuen».
Bigarren eta hirugarren solairuko bizilagunek sutea egon zen bitartean etxeetatik ezin izan zutela irten nabarmendu dute bizilagun batzuek. «Batzuek eskaileretatik irten zuten. Hirugarren solairuko gizonak, esate baterako, seme txikia sehaskatik hartu, mantan batu eta eskaileretan behera irten zuen. Bere emazteak, aldiz, beste umearekin ezin izan zuen atzetik joan, kea gehiegizkoa zen. Harek balkoian egon behar izan zuten», zehaztu zuen Pagoagak.
Ke usain nabaria
Pagoagak berehala sumatu zituen kea arnastearen ondorioak. «05:00ak inguruan Mendarora eraman gintuzten sei bat lagun. Eztula, burukomina eta ondoezik nengoela nabaritu nuen. Baserritarra naiz, eta kea arnasten duzunean badakit zer pasatzen den. Anbulantziara hurbildu nintzen ea oxigeno pixka bat ematen zidaten. Horrez gain, nire umeak nirekin egon ziren, eta ondo zeuden ikustera joan ginenean, hoberena Mendarora joatea zela esan ziguten».
Kea eraikin osoan zabaldu zen, eta beste hainbat etxebizitzetara ere sartu zen. «Ez dira erre, baina beroaren eraginez, ateak-eta hondatuta ditugu», argitu zuen Pagoagak.
Ke usaina nabaria zen eraikinaren kanpotik. Sutea gertatu zen etxebizitzaren leihoak belztuta ikusten ziren Txurruka Tenienteak kaleko aldetik. San Migel kaleko parean, ordea, kalteak nabariagoak ziren. Leihoak apurtuta eta pertsianak guztiz erreta ikus zitezkeen. Sua San Migel kalerantz dagoen aldean hasi zen. Izan ere, logelak hantxe daude.
Batzuk enteratu gabe
Alboko etxebizitzetako bizilagunek ere tentsio uneak bizi izan zituzten. 13. atariko batek semea eta haren familia osoa bizi ditu sutea gertatu den etxearen gainean. Eguerdian, oraindik ere, urduri eta «sustoa ezin pasata» zegoela azpimarratu zuen.
Semea ere berarekin zegoen. «Sekulakoa izan zen. Kriston kea ikusten zen, besterik ez. Zuk momentu horretan ez dakizu etxe guztia sua hartuta dagoen edo gela bat bakarrik izan bada».