Urteurren borobilari, erantzun borobila
Mutrikuko Rock Kolektiboak sortutako Abendurock jaialdiak hamar urte bete ditu, eta, ospakizun horretan, dokumentala, erakusketa eta hainbat musika emanaldi jarri dituzte herritarren eskura.Egutegian ondo finkatuta dago Mutrikuko Abendurock jaialdia, e...
Mutrikuko Rock Kolektiboak sortutako Abendurock jaialdiak hamar urte bete ditu, eta, ospakizun horretan, dokumentala, erakusketa eta hainbat musika emanaldi jarri dituzte herritarren eskura.
Egutegian ondo finkatuta dago Mutrikuko Abendurock jaialdia, eta, hala izaten jarraitzen duela egiaztatu dute oraingoan ere. Hamar urte bete ditu aurten jaialdiak, eta urteurren borobil horren aurrean herritarrek emandako erantzuna ere borobila izan dela adierazi du Jon Antxustegi Mutrikuko Rock Kolektiboko kideak.Antolakuntzagaz zein herritarren erantzunagaz «oso gustura», positiboki baloratu dute hamargarren Abendurock jaialdia. Ekitaldi guztiak «primeran» atera direla azaldu du Antxustegik, eta «kalitate handikoak» izan direla gaineratu du.
Ohiko formatuari helduta, zenbait berezitasunekin ailegatu zen Abendurock Mutrikura. Oholtza gainean emakumeen presentzia aldarrikatzen duen dokumental batekin hasi zuten abendua mutrikuarrek, eta Jon Iraundegi Irungo argazkilariaren erakusketagaz jarraitu zuten. Itxura eta soinu berezia hartu zuen orduan Zabiel kultur etxeak; ohiko tokietan beharrean, bertan eskaini baitzuen Kokein musika taldeak bere emanaldia.
Estilo anitzeko musika
Talde elgoibartarraren musikarekin ez ezik, beste hainbatenarekin ere gozatzeko aukera izan zuten Mutrikura bertaratu zirenek. Kontzertu bakoitzak bere berezitasuna izan zuela azaldu du MRK-ko kideak; «estilo desberdinekoak izan ziren, eta publikoaren erantzuna ere estiloaren araberakoa izan zen».
Rock Gaueko eguna ere iritsi zen abenduaren 20an Mutrikura, eta ez edonola ere. Indar bereziz taularatu ziren herriko lau talde, «hobeto prestatuta, eta kanta ezagunagoekin». Gaztetxea jendez lepo betetzea lortu zuten bertsio gaua eginez, eta horiek sortutako jai giroa indartzen jarraitu zuen Bilboko The Pushermen taldeak.
Abenduaren 27an The Brutal talde zarauztarrak itxi zuen jaialdia, eta metal gogorrarekin agurtu zuten jaialdia datorren urtera arte.
Aurrekoetan bezala, oraingo edizioan ere, antolatzaileak erantzunaren «beldur» izan badira ere, jaialdiak izandako arrakastarekin «pozik» agertu dira, eta, horregatik, bertaratutako publikoa eskertu nahi izan dute. Hala eta guztiz ere, urtean antolatzen dituzten ia 30 bat emanalditan ere, herritarren aldetik erantzun bera jasotzea gustatuko litzaiekela aitortu dute MRKko kideek.