Mutrikuko Udalak doako wifi zerbitzua jarri du Zabielen
«Zeuden hutsuneei aurre egiteko», doako wifi zerbitzua jarri du martxan Mutrikuko Udalak Zabiel kultur etxean. Aurrerantzean, beraz, liburutegiko ordenagailuetan ez ezik, kultur etxeko beste hainbat txokotan ere izango dute herritarrek Interneterako ...
Kultur etxe batek «derrigorrezkoa duen zerbitzua» da wifia Joxemari Etxaburu Mutrikuko Udaleko kultur zinegotziaren ustez; «Hitzaldiak, emanaldiak, tailerrak eta bestelako ugari egiten dira Zabielen, eta horiek garatzeko gero-eta sarriago jotzen dugu denok sareko edukietara edo sarean gordeta ditugun eduki propioetara», azaldu du.
Wifia jartzea «aspalditik» egindako eskaera bada ere, orain eduki du udalak martxan jartzeko aukera; izan ere, Etxaburuk dioenez, «eraikin historikoa izanik, hainbat zailtasun daude bertan aldaketak egiteko».
Hala ere, hori gauzatzeko erronka bete du Mutrikuk, eta, gaur egun, herritarrek badute zerbitzu horretaz gozatzeko aukera. Dena den, bertan eskaintzen duten zerbitzua «itxia» dela jakinarazi du kultur zinegotziak; hori horrela, interesatuak liburuzainarengana jo beharko du pasahitza eskatzeko. Liburuzaina ez dagoenetan, berriz, udaletxeko kultura edota euskara zerbitzuan lortuko dute erabiltzaileek pasahitza.
Pasahitz hori «aldiro-aldiro aldatzen» joango direla azaldu du Etxaburuk, eta, era berean, zerbitzua «arduraz» erabiltzeko eskatu die herritarrei. «Momentuz, ez da posible nahiko genukeen abiadura kontratatzea, eta erabilera ez-egokiek gainontzeko erabiltzaileengan eragin dezakete». Hala, 2016an zerbitzu hobeagoa emateko baldintzak betetzen hasiko direlakoan daude udal ordezkariak.
Zabieleko gelak, erabilgarri
Bestalde, liburutegi nagusia urtarrilaren 21era arte itxita dagoen arren, Zabielgo gainontzeko gelak zein haur liburutegia erabilgarri daudela jakinarazi du udalak. Hitzaldi gela, erakusketa aretoa edota ganbarako aretoa erabili nahi dutenek, beraien eskaera kultura, euskara edota kirol zerbitzuetan egin beharko dutela gogorarazi du udalak.