Gernika futbol taldeak Gasteizen jokatuko du, eta Bermeok Erandion
Hirugarren Mailan jokatzen duten Busturialdeko futbol taldeek etxetik kanpo jokatuko dute hogeigarren jardunaldia. Gernikak, esaterako, Deportivo Alavesen kontra neurtuko ditu indarrak, Jose Luis Compañon (Gasteiz; Araba) futbol zelaian. Hain justu, domekan (urtarrilaren 11n) izango da norgehiagoka 11:30ean. Bermeok, bestalde, Erandioren zelaian jokatuko du, domekan baita ere, 11:15etik aurrera.
Gernika sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago, 36 puntugaz. Asteburuan irabaziz gero, Gernikak bigarren jartzeko aukera izango luke. Horretarako, baina, Portugaletek galdu egin beharko luke. Porrota jasoz gero, bestalde, hirugarren postua galtzeko arriskua izango lukete gernikarrek.
Bermeotarrak hamabigarren sailkatuak dira ligan. Momentuz, lasaitasun postuetan daude, baina ezin dira erlaxatu. Izan ere, alde txikia dago taldeen artean.