Arana bosgarren etapan, gaur
Eguaztenean burututako laugarren etapan 33. postua eskuratu zuen Txomin Arana Ereñoko moto gidariak Chilecito eta Copiapo arteko ibilbidea eginda. Hain justu, Joan Barreda irabazlearengandik ia ordu erdira ailegatu zen helmugara bertokoa. Gaur, baina, 6 postu goragora salto eginda amaitu du Copiapotik Antofagastarainoko bidea; 27. postuan, hain zuzen ere. Hori horrela, gaur gaurkoz, sailkapen orokorreko 28. postuan da ereñarra.
Arana Dakar hasiera ona egiten ari da, eta erritmo berean jarraituz gero iazko marka gainditzeko aukera izango luke. Gurko etapako erlojuaren kontrako saioak 458km izan ditu, atzokoak baino 143km gehiago; atzo, dena den, gidariek 594km gehiago egin behar izan zituzten ibilbidea burutzeko.
«Ukituta» hasi zuen atzo Aranak laugarren etapako erlojuaren kontrako saioa, eta lasterketan zehar ere, gelditu egin behar izan zuen. Pilotu batzuek aurre hartu zioten, eta ibilbideko egoera «arriskutsuak» ere ez zion askorik lagundu. Hala ere, saioko zken tartean hobeto sentitzen zela aprobetxatuta, aurrea hartu zuen, eta postuetan gora egin zuen. Hala, laugarren etapa «gustura» bukatu zuen.
Bihar, seigarren etapa izango du egiteke Aranak gainontzeko pilotuekin batera, ibilbidea Antofagastan hasi eta Iquiquen bukatuz. Sei egunez moto gainean ibilita, zapatua atseden eguna izango dute Dakarreko moto gidariek, eta domekan ekingo diote zazpigarren etapari, Iquiquetik Uyunira.