Arrizabalaga hasi da Ponferradinagaz entrenatzen
Kepa Arrizabalaga ondarrutar atezaina hasi da Ponferradinagaz lehenengo lan saioak egiten. Denboraldia bukatu arte Gaztela Leongo futbol taldean ariko da, Athleticek lagata, Liga Adelanten. Denboraldia bukatzean, Lezamara bueltatuko da.Ondarrutarra mar...
Ondarrutarra martitzenean ailegatu zen Ponferradara (Espainia, Gaztela eta Leon) eta El Toralin zelaigunean pozik agertu zen bere talde berriko lepokoagaz. Pozik agertu zen talde aldaketagaz: «Etapa berri honi ilusioz ekin diot. Niretzako aukera ona da atezain moduan hazteko».
Irtetzen duen lehen aldia
Atzo aurkeztu zuten ondarrutarra komunikabideen aurrean, Jose Silvano taldeko presidenteagaz batera.
Silvanok Athletici eskerrak eman nahi izan zizkion Arrizabalaga bere taldeari lagatzeagatik. «Athletic Clubari gure eskerrik onenak eman nahi dizkiogu lagatze honegatik. Horrez gain, jokalariari ere eskerrak eman nahi dizkiot Ponferradinaren eskaintza onartzeagatik».
Beste alde batetik, Ponferradinako atezain berriak poztasuna agertu zuen talde zuri-urdinean ariko delako. «Bilboko taldetik irtetzen dudan lehenengo aldia da. Oso pozik eta ilusioz beteta nago Ponferradinari lagundu ahal diodalako. Taldeagaz batera ipini ditugun helburuak betetzea espero dut. Hemen egongo naizen tartean, ahalik eta behar onena egitea espero dut».
Domekan jokatzeko prest dagoela ere nabarmendu du ondarrutarrak. Ponferradina bigarren mailako taldea da, eta hemeretzi jardunaldi jokatuta, sailkapenean seigarren doa, 30 puntugaz; lehenengo sailkatuarengandik (Las Palmas) bederatzi puntura dago orain momentuan.
Etorkizuneko atezaina
Orain arte Bilbao Athleticeko atezain titularra izan da Arrizabalaga. Horrez gain, Athletic Clubeko hirugarren atezaina ere izan da.
2014-2015 denboraldian hamazazpi partida jokatu ditu Bilbao Athleticegaz Espainiako Ligako bigarren maila Bko II. taldean. Eta jokatu egin ez badu ere, Bilboko lehenengo taldeagaz ere bidaiatu izan du.
Gaztetatik Athleticen harrobian prestatu da, eta taldearen barruan maila guztietako kategorietan egondakoa da (alebin, txiki, kadete eta gazte).
2011-2012 denboraldian, 17 urte zituela, Athleticen bigarren taldera jauzi egin zuen (Baskonia). Hurrengo denboraldian Bilbao Athleticera igo zen (bigarren maila B). Eta 2013. urteko udan, denboraldiaurrea lehenengo taldeagaz egin zuen.
Naziortean ere ibili izan da, Espainiako selekzioagaz, 17, 19, 20 eta 21 urte azpikoetan. 19 urte azpikoetan Europako Txapelketa irabazi zuen 2012. urtean. Horretan atezain titularra izan zen, eta partida aipagarriak jokatu zituen.
Espainiako selekzioko 20 urte azpiko taldean ere Munduko Koparako atezain titular izateko prestatu zen 2013an. Baina lesio bat tarteko, ezin izan zuen.
Arrizabalaga Athletic Clubeko lehenengo taldeko etorkizuneko atezaina izango dela diote klubeko arduradunek eta adituek.