Irudian, iazko lehiaketako irabazleetako bi
Beste urte batez, abian da jada, Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak antolatzen duen Narrazio Laburren lehiaketa. Aurtongoa lehiaketaren hogeigarren edizioa izango da, eta horretan parte hartu gura dutenek otsailaren 16ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak honako lekuetan: Erroxape Elkartearen egoitzan (Erreten parkean), udal liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean edota Bermeoko 115 posta kutxan.
Aurrekoetan bezala, euskaraz zein gazteleraz idatzitako narrazioak aurkez daitezke; betiere, inoiz argitaratu bakoak, originalak eta inoiz ez sarituak badira. Narrazio laburren lehiaketa horretan, 18 urtetik gorako edozein gizon zein emakumeek parte hartu ahalko dute.
Parte hartzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte narrazioak idazterako orduan. Hala, lanok orrialde bakarrean idatzita egon beharko dute, eta derrigorrez, tarte bikoitza erabili beharko dute. Narrazioek, gainera, lau eta zortzi orrialde bitarteko luzera eduki beharko dituzte.
Hiru kopia
Lehiaketan parte hartu gura duten hoiek, idatzitako lanen hiru kopia aurkeztu beharko dituztela azaldu dute. Kontakizuna, bestetik, izenburua eta egilearen ezizena daroan kartazal baten barruan aurkeztu beharko da. Kartazal horretan, gainera, lana bera ez ezik, egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea eta telefonoa) biltzen dituen beste kartazal bat sartu beharko ditu interesatuak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egile bakoitzaren lan bat bakarrik saritu ahalko du epaimahaiak, eta saria hutsik geratzea ere «posible» dela azaldu dute. Epaimahaiko kideak, gainera, ezin izango dira lehiaketara aurkeztu.
Euskarazko zein gaztelerazko modalitateetan, bi sari banatuko dituzte. Gainera, bi modalitateetan irabazleen eta finalisten azpitik sailkatzen diren bermeotarrek sari berezia izango dutela jakinarazi dute Erroxape Emakumeen elkartekoek.
SARIAK
Euskarazkoa
Irabazlea. 200 euro eta garaikurra.
Finalista. 100 euro eta garaikurra.
Gaztelerazkoa
Irabazlea. 200 euro eta garaikurra.
Finalista. 100 euro eta garaikurra.
Sari berezia
Bermeotarrentzako. 100 euro eta garaikurra.