Kirolari onenei merezimendua
Mutrikuko Udalak bere bigarren kirol gala egin zuen abenduaren amaieran. Herriko kirolari eta kirol talde onenei omenaldia egin zien udalak lortutako emaitza onengatik zein egindako kirol ibilbide ezin hobeagatik.Bigarren urtez, Mutrikuko Udalak herrik...
Mutrikuko Udalak bere bigarren kirol gala egin zuen abenduaren amaieran. Herriko kirolari eta kirol talde onenei omenaldia egin zien udalak lortutako emaitza onengatik zein egindako kirol ibilbide ezin hobeagatik.
Bigarren urtez, Mutrikuko Udalak herriko kirolari zein taldeei merezitako omenaldia egin nahi izan die.Guztira, lau sari banatu zituzten abenduaren 19an egindako bigarren kirol galan: kirolari onenarena, kirol talde onenarena, kirol ibilbideari saria eta kirol alorreko aipamen berezia.
Lehendabiziko saria kirolari onenari eman zioten. Atharratze Beristain mendi lasterkariak Joseba Palenzuela alkatearen eskutik jaso zuen oroigarria.
Txemi Galarraga galaren aurkezleak azaldu zuen modura, sokatirako lagunekin hasi zen korrika entrenatzen Beristain. Mendiak erakarrita mendiko lasterketak egiten hasi zen mutrikuarra, eta orduz geroztik hainbat eta hainbat proba nagusitan parte hartu eta marka onak lortu ditu. Iaz, esate baterako, marka oso onak lortu zituen: Hiru Gazteluen maratoian garaipena, Euskal Raidean laugarren postua Joseba Gurpegirekin batera, 14. postua Hiru Handiak proban eta Mont Blanc-eko ultra trailean eginiko 28. postua.
Euskal Herriko txapeldun
Beristainen atzetik, talde onena saritu zuten: Danok Bat pelotazale elkartea. Taldeko zuzendaritza taldeak zein jokalariek Jose Angel Lizardi zinegotziaren eskutik jaso zuten saria.
1966an sortutako taldea hasiera batean eskuzko pilotariei zuzenduta egon zen, eta taldea desagertzeko zorian egon eta gero, 2003an berpiztu egin zuten. Orduz geroztik, hainbat sari lortu dituzte elkarteko kideek. Besteak beste, iaz Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan gazteek eta kadeteek lortutako garaipenak.
Saria jasotzen hurrengoa Iturritza baserriko Fausto Mugerza aizkolaria izan zen. Mugerzak Alberto Lejardiren eskutik jaso zuen oroigarria, «edukitako kirol ibilbidearengatik».
Iturritza baserrikoa luzaroan aritu zen eliteko aizkolariekin, beti ere, punta-puntan. Mugerzak, besteak beste, 1990. urtean bigarren mailako aizkolarien txapelketa irabazi zuen.
Azkenik, Jose Arrunategi herriko medikuak «bere bizitza osoan herriko kirolarien inguruan egindako lanagatik» aipamen berezia jaso zuen. Iban Arrunategi semearen eskutik jaso zuen saria.
Prestakuntzaren garrantzia
Sari batetik besterako tartean saritutako pertsona edo taldeari buruzko argazkien proiekzioak proiektatu zituzten. Horrela, sarituen ibilbidea bertatik bertara ikusi ahal izan zuten han bildutakoek, irudien bitartez.
Horrez gain, sari banaketa egin aurretik, prestakuntza fisikoari buruzko mahai ingurua egin zuten.
Bertan parte hartu zuten Atharratze Beristain sarituak, Jabier Urresti sokatira taldeko kideak, Ugaitz Mugerza aizkolariak, Jorge Iruretagoiena txirrindulariak eta Oihana Kortazar mendi lasterkariak.