Foruak eta Morgak ez dituzte udal tasak eta zergak igoko 2015ean
Foruko Udalak jakinarazi duenez, gizarte laguntzak eta udal zerbitzuen kalitatea mantenduko dute. Kalabria egoitzagaz ere hitzarmena mantenduko dute aurtenHerriko bizi kalitatea bermatu gura dute bai Foruko zein Morgako udalek. Hala, krisi sasoi haueta...
Foruko Udalak jakinarazi duenez, gizarte laguntzak eta udal zerbitzuen kalitatea mantenduko dute. Kalabria egoitzagaz ere hitzarmena mantenduko dute aurten
Herriko bizi kalitatea bermatu gura dute bai Foruko zein Morgako udalek. Hala, krisi sasoi hauetan herritarrak lagundu asmoz, 2015. urterako udal tasak eta zergak ez igotzeko erabakia hartu dute. Morgak, esaterako, udal tasak eta zergak 2012. urteko mailan mantenduko dituela zehaztu du. Bestalde, gizarte zein kirol laguntzak eta udal zerbitzuak mantenduko dituztela ere adierazi dute bi udalerriek.Foruko alkate Jane Eyre Urkietaren esanetan, herriko familia askok krisiaren eragina pairatzen dute, eta ezin diote zerga gehiagori aurre egin. «Horregatik hartu dugu zergak eta tasak izozteko erabakia».
Udalean egiten duten lanaren helburu nagusia forutarren ongizatea dela dio alkateak: «Gizarte laguntzak eta zerbitzuak betidanik izan dira lehentasuna gure udal gobernuan». Udal zerbitzuak bermatu aldera, «baliabideak optimizatzeko eta gastuei eusteko» lan egiten du Foruko Udalak. «Modu horretan tasen eta zergen tarifa berak mantendu ahal ditugu etxeko ekonomiari edota Forun lan egiten duten enpresa txikien ekonomiari kalterik ez egiteko. Era berean, herriko zerbitzuen eskaintza murriztu barik».
Bestalde, udal arduradunek gogorarazi dutenez, Foruak beharrizanak dituzten herriko familiei laguntzeko ordenantza erregulatzaile bat dauka indarrean 1994. urteaz geroztik, «diru sarrera eskasek sortutako egoera ekonomiko zailak leuntzen laguntzeko asmoz».
Udalak argitu duenez, laguntza hori eskatzeko derrigorrezkoa da Foruan erroldatuta egotea eta adinez nagusi izatea. Eskatzaileak norbanakoak izan daitezke edota familia unitateak. Laguntza horiek ere sendotu nahi izan ditu udalak, eta hobariak izango dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) eta uraren, zaborraren eta estolderien tasetan.
Kalabriagaz hitzarmena
Herriko nagusiei kalitatezko harrera bermatzeko, gainera, Kalabria nagusien egoitzagaz Foruko Udalak daukan hitzarmena mantentzen dela adierazi dute. Horren bitartez, herritarrentzako eta Bizkaiko bizilagunentzako plaza publikoak bermatzen dira. «Funtsezkoa da gure herriko nagusiak herrian bertan egoten jarraitzeko beharrezko baliabideak eskaintzea. Herriko umeak eta gazteak ezinbestekoak dira herriaren garapenerako, baina nagusiak herriko zimendua dira», adierazi du Foruko alkateak.
Arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzen duten zerbitzuen helburua nagusiei bizi kalitatea eskaintzea dela nabarmendu du udalak.
Kirol jarduerak lagundu
2015. urterako aurrekontua ere onartu du Morgako Udalak: 588.646,03 eurokoa. Aurrekontu hori gaur egungo egoera ekonomikoari lotuta dagoela esan dute udal arduradunek, eta herriaren garapenerako inbertsio justuak egiteaz gain, herritarrei zuzendutako zerbitzuak bermatuko dituztela.
Era berean, Morgak instalazio espezializatuak mugatuta dituela esan dute; horregatik, Bizkaiko herrietako kiroldegi edota igerilekuen ordainketa diruz lagunduko duela jakinarazi du udalak. «Herriak ez du horrelako zerbitzurik, eta bizilagunek beste herri batzuetara joan behar izaten dute». Horretarako diru partida 2.000 eurokoa dela zehatzu du, gainera.