100 baratze baino gehiago egokituko ditu Gernika-Lumok
Piperra eta gatza izeneko proiektua martxan ipiniko du Gernika-Lumoko Udalak. Horren bitartez, herri baratzeak sortu gura dituela zehaztu du. Ideia berritzailea dela esan du udalak, prentsa ohar bidez, eta helburu duela herritarrak laguntzea: baratzak ...
Bariku honetan hilaren 9an egingo dute udal proiektuaren aurkezpena. Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean izango da, 19:00etan. Udalak aurreratu duenez, partikularrek utzitako lurzoruak egokituko dituzte. Horiek landu ahal izango dituzte herritarrek, eta autokontsumorako bakar-bakarrik erabili ahal izango direla nabarmendu dute proiektuaren sustatzaileek.
Proiektua jendaurrean aurkezteko barikuan egingo duten ekitaldi horretan, gainera, Derion eta Iurretan martxan jarri dituzten proiektuen berri ere emango dute proiektuaren bultzatzaileek.
Nekazaritza ekologikoa
Ibarrako lurzoruetan kokatuko dituzte herritarren erabilerarako egokituko dituzten baratze horiek; zatitu egingo dituzte lehenengo, eta baratzeak sortzeko lagako dituzte ondoren.
Hain zuzen, baratze edo zoru bakoitzak, gutxi gorabehera, 60 eta 75 metro koadro artean izango dituela ere argitu du udalak.
Ekimen horri esker, Gernika-Lumon nekazaritza ekologikoa bultzatzea ere badu helburu udalak. Era berean, diotenez, hutsik dauden orubeak lantzea eta erabilgarri izatea ere bada proiektuaren xedea.
Parte hartze prozesua
Baratzeak nola kudeatuko dituzten zehaztu gabe dauka oraindik Gernika-Lumoko Udalak. Hala ere, hori berori herritarrekin batera zehaztu gura duela argitu du erakunde publikoak.
Horretarako, parte hartze prozesu bat martxan jartzeko asmoa agertu du, eta, prozesu horretan, udal proietuarekiko interesa duten bizilagunak batzea litzatekeela egokiena.
Hori dela eta, interesa daukaten guztiak batu gurako lituzke Gernika-Lumoko Ingurumen Sailak.