Ondarroako Kakatzan martxa «finkatuta» dagoela diote
Bizikleta martxan 10-11 urte bitarteko gazteek ere parte hartu dutela eta, pozik daude antolatzaileak. 140 lagun inguru bildu zituen lasterketak abenduaren 31nMendiko bizikleta gustukoa dutenak batzeko eta ondo pasatzeko martxa bezala aurkezten da Onda...
Bizikleta martxan 10-11 urte bitarteko gazteek ere parte hartu dutela eta, pozik daude antolatzaileak. 140 lagun inguru bildu zituen lasterketak abenduaren 31n
Mendiko bizikleta gustukoa dutenak batzeko eta ondo pasatzeko martxa bezala aurkezten da Ondarroako Kakatzan mendi bizikleta martxa. Aurten 140 lagun inguruk parte hartu dute martxan, eta antolatzaileak pozik agertu dira: «Dagoeneko martxa ondo-ondo finkatuta dagoela esan genezake», esan du Aitor Agirrek. «Urtez urte gero eta jende gehiagok parte hartzen du, eta hori pozgarria da».Horrez gain, martxa ez dela bakarrik herri mailakoa azpimarratu du Agirrek. «Ez da Ondarrutarrek parte hartzen duten martxa soil bat. Eskualdeko gainerako herrietako mendi bizikletazaleak etortzeaz gain, Elgoibar, Eskoriatza, Arrasate, Oñati eta beste herri asko eta askotatik ere etortzen dira parte hartzaileak».
Hitzordu garrantzitsua
Korrikalariak bateko eta besteko San Silvestre lasterketetara joaten diren moduan, mendi bizikletazaleentzat ere Kakatzan hitzordu garrantzitsua dela diote antolatzaileek.
Hori bai, martxaren helburua ondo pasatzea dela eta parte hartzaileek filosofia horri jarraitzen diotela gaineratu du. «Filosofia horrek bere horretan jarraitzen du. Azken finean, Kakatzanen helburua parte hartzaileok ondo pasatzea da».
Parte hartzaile gazteak
Aurten, gainera, 10-11 urte bitarteko gazteek ere parte hartu dutela esan du. «Kalamendi ingurura igo ziren, eta han martxara gehitu ziren». Aurreko urteetan egindako martxetan hain gazteak diren parte hartzaileak ez direla egon dio. «Guretzat oso pozgarria izan da. Izan ere, horrek, hurrengo urteetarako, parte hartzaile gazte berri gehiago erakarri ahal ditu; gazte horiek beste batzuk animatu ahal dituzte».
Martxan parte hartu zutenek 30 kilometroko zirkuitua egin zuten, gutxi gorabehera. «Gazteek ere nahikoa egin zuten; Kalamendin martxara gehituta, 20 kilometroko bidea egingo zuten». Horrela ba, antolatzaileak zein parte hartzaileak gustura geratu dira.