Kalamendira egunero-egunero
2014an egunero Kalamendira igotzeko erronka jarri zuten martxan Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak; 4.057 ondarrutar igo dira tontorrera.Aurrera Mendi Taldeak antolatuta, aurten ere ondarrutar askok urte amaiera Kalamendin igaro...
2014an egunero Kalamendira igotzeko erronka jarri zuten martxan Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak; 4.057 ondarrutar igo dira tontorrera.
Aurrera Mendi Taldeak antolatuta, aurten ere ondarrutar askok urte amaiera Kalamendin igaro dute, oraingoan, baina, urteko azkenengo mendi irteera izateaz gainera, ekimen berezi baten amaiera arrakastatsua ere izan da. Lortu dute. Urteko 365 egunetan igo da ondarrutarren bat Kalamendira.2013ko urteko azken mendi irteeran jarri zuten martxan Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Udal Kirol Batzordeak erronka. Kirol egitasmoa betetzeko urteko egun bakoitzeko ondarrutar bat gutxienez joatea eskatzen zen, eta hori bete egin dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, 2014an 4.057 igoera egin ziren Kalamendira.
Balorazio ona
Balorazio «oso positiboa» egin dute kirol batzordeko kideek. «Azkenean urteko 365 egun guztietan herritar bat gutxienez Kalamendira igotzea lortu da», azaldu du Iñaki Beitia kirol batzordeko kideak.
Herritarren parte hartzeagaz ere pozik agertu dira, eta ekimenari bultzada eman dioten herritarrak asko eta asko izan direla azpimarratu dute. Horren inguruan, antolatzaileek aipamen berezia egin nahi izan diote Amaia Ugartetxeari eta Gotzon Fernandez Danbalari, «urte guztian erronkagaz eduki duten konpromisoagatik», eta oroigarri legez, urte guztian bidali dituzten euren argazkiez osatutako oroigarri bana oparitu diete.
Kalamendiko erronkagaz bat egin dutenek euren argazkia ikusteko aukera izango dute, urtarrilaren amaieratik aurrera Aurrera Mendi Taldeak antolatuko duen erakusketan. Parte hartzaileei argazki bat ateratzea eskatu zieten antolatzaileek, eta urte guztian jaso diren 2.020 argazkien artean, urteko egun bakoitzean jasotako bat ipintzeko asmoa iragarri dute kirol batzordeko zein Aurrera mendi taldeko kideek. Ondarroako erakusketa aretoan jarriko dute ekintza gogoangarriaren erakusketa.