Gau magikoaren osteko eguna
Itsasontziz, trenez edota errepidetik, heldu dira Errege Magoak Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko etxeetara, eta opariak utzi dituzte.Lilura zen atzo umeen aurpegietan ikus zitekeena, jendetzaren zarata eta ume txiki batzuen negarren artean. H...
Itsasontziz, trenez edota errepidetik, heldu dira Errege Magoak Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mutrikuko etxeetara, eta opariak utzi dituzte.
Lilura zen atzo umeen aurpegietan ikus zitekeena, jendetzaren zarata eta ume txiki batzuen negarren artean. Hiru errege magoek magiko bihurtu zuten atzoko gaua, eta gau magikoaren osteko eguna da gaurkoa. Haurrentzat opariak zabaldu eta horiekin gozatzeko eta jolasteko orduak izango dira ondorengoak.Meltxor lehenengo, Gaspar bigarren eta Baltasar azken, kabalgatak izan ziren atzoko dibertsio nagusia. Itsasontziz, trenez edota zaldi gainean, iluntze eta gau partean Busturialdera, Lea-Artbaira eta Mutrikura iritsi ziren hiru Errege Magoak. Itsasotik etorri ziren Lekeition, Ondarroan, Mutrikun eta Bermeon. Trenean heldu ziren, esaterako, Busturiko Axpe auzora eta Gernika-Lumora. Beste hainbat herritan ere zaldi gainean jendartera agertu ziren errege magoak: Foruan, Muruetan edota Mundakan. Markina-Xemeinen, ostera, erregeen morroiek udaletxeko atea jo eta hiru Errege Magoak balkoira atera ziren.
Umeen eskariak
Ume zein nagusi, portu, tren geltoki edo udaletxe aurreak beteta ziren Ekialdetik heldu berri zirenen zain. Presoen aldeko adierazpen isila ere egin zuten, Gernika-Lumon, kabalgataren une batean. Etxerik etxe opariak banatzen hasi aurretik, gainera, umeen desio, nahi eta gurariak zeintzuk ziren entzuteko aukera ere izan zuten Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Beraiek agurtzeko herri guzti horietako kaleetan batutako jendetzarentzat gozoki mordoa ere banatu zuten.
Gaurko hitzorduak
Lekeitioko eta Gernika-Lumoko umeek, baina, gaur ere izango dute hiru errege magoak ikusteko eta agurtzeko aukera. Leketion Bonbilloneko Erregeak etorriko dira Olentzerogaz batera, 12:00etan, Dendari kaletik hasita. Gernika-Lumoko Lorategieta auzora, berriz, 12:30ean helduko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Umeekin egoteko tartea ere hartuko dute, desfilea amaituta.
Beste batzuk kantuan adieraziko dute erregeen etorrera. Gernika-Lumoko Elai-Alai dantzari taldeak antolatuta, Erregeak datoz abestera aterako dira taldeko umeak. 11:30ean ipini dute hitzordua, Elai-Alairen Pasealekuko lokalean.