Frontoiak bete dituzte Gabonetako txapelketek
Barandika eta Lekerentzat izan dira Markina-Xemeingo Gabon Sariko txapelak. Zesta-punta zale asko batu ziren zapatuan frontoi nagusian finalak ikusteko, baina penagaz geratu ziren elite mailako finalagaz gozatzeko aukerarik eduki ez zutelako. Iturbide ...
Horren ordez, 20 tantoko kiniela jokatu zuten Iturbidek, Barandikak eta Lekek. Barandikak irabazi zuen kiniela, eta Leke eta Iturbide berdinduta geratu ziren 15 tantora.
Elitekoa ez zen izan, baina, zapatuko final bakarra. Gaztetxoak izan ziren lehenak kantxara ateratzen, eta partidu dotorea eskaini zuten Goitia III eta Danelek Lekube eta Diaga IIren kontra. Garaipena eta txapelak Goitia eta Danelentzat izan ziren 30 eta 19 irabazita.
Gazteen mailan, berriz, Gotzon eta Egia eta Goixarri eta Manzi lehiatu ziren. Mutrikuarrek jantzi zituzten txapelak; 30 eta 23 irabazi zuten Goixarrik eta Manzik.
Tanto biko aldeagaz nagusitu ziren bigarren mailan Koxme eta Txomin. 35 eta 33 irabazi zieten Mandiolari eta Aizpitarteri. Roke eta Elkoro II izan dira, bestalde, lehen mailako irabazleak.
Banaka Berriatuan
Gabonetako banakako txapelketak ere bete egin du Berriatuko frontoia. Urteroko pilota hitzordua ez zuten galdu nahi izan zaleek, eta urteko azken egunean jendez gainezka egon ziren harmailak.
Antxonek irabazi du Berriatuko Gabonetako zesta-punta txapelketa. Hirugarren eta laugarren postuak lehiatu zituzten lehenengo Barandikak eta Rokek, eta ondoren jokatu zen Antxon eta Aimarren arteko finala.
Aimar irabazten joan zen hasieratik, baina ez zuen bere egunik onena izan. Antxonek, berriz, partida ederra jokatuta, azken garaipena bere egitea lortu zuen. 30 eta 24 irabazi zion Antxonek Aimarri.
Aurtengo Gabonetako banakako txapelketako hirugarren postua Barandikarentzat izan da, eta laugarren geratu da Roke.
Gabonetako txapelketako finalez gainera, erretiratutako pilotarien arteko kinielak ikusteko aukera ere egon zen abenduaren 31 arratsaldean. Lau bikote atera ziren Mendibarren frontoiko kantxara jokora, eta kiniela estua jokatu zuten 20 tantora. Azkenean, Jauregi eta Bilka izan ziren irabazleak.