Ana Oregi: «Denboraleak sortutako kalteak bizkor konpondu dira»
Iazko itsas denborale bortitzetik ia urtebete igaro denean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik adierazi du orduko hartan kaltetutako portuetako konponketak «bizkor eta eraginkortasunez» gauzatu direla. Oraindik, dena den, hainbat dira egiteke edo bukatzeke dauden portuak; horien artean, esaterako, Bermeokoa.
Oregik azaldu duenez, portuetako kalteak konpontzeko 16 milioi euro –6,5 milioi euro Gipuzkoan, eta gainontzekoak Bizkaian– baliotsi ditu Jaurlaritzak, eta, orain arteko lanetan, esaterako, 8 milioi euro inbertitu ditu. Halaber, lan horiek guztiak «etorkizuneko muturreko egoera meteorologiak kontuan hartuta» gauzatu dituztela azpimarratu du; izan ere, adituek behin eta berriz nabarmendu dute fenomeno meteorologikoak geroz eta bortitzagoak eta ikusgarriagoak izango direla.
Material jasangarriagoak
Horri aurre egiteko, beraz, «konpromisoak» erakutsi ditu Jaurlaritzak. Hala, «material jasangarriagoak» erabilita egin dituzte «klima aldakuntzen ondoriozko baldintza gogorrei aurre egiteko moduko» lan horiek; «kalitatea eta programazioa zainduta».
Portuetako azpiegituretako konponketa-lanez gain, itsasontziei lotutako diru laguntzak ere jarri ditu herritarren eskura Jaurlaritzak. Hain zuzen, guztira, 30.594 euro banatu ditu 14 pertsonen artean. Laguntza horiek itsasontzia erosteko direla azaldu du Jaurlaritzak, eta, norberak kontratatuta duen aseguruaren kalte-ordainez gaindiko laguntza dela gaineratu du.
Bermeoko kai-muturreko lanak burutu badira ere, oraindik badira egiteke dauden beste hainbat behar ere, eta, horiek neguan egingo dituztela gogorarazi du Oregik.