28. sailkatu da Txomin Arana Dakarreko 3. etapan
Beste 117 pilotugaz batera hasi du gaur Txomin Arana moto gidari ereñarrak Dakarreko hirugarren etapa, eta, beste askok ez bezala, lasterketa bukatzea lortu du 2 orduz, 54 minutuz eta 35 segundoz moto gainean ibilita. Lehenengo gidariarengandik 19 minutu eta 42 segundo beranduago helmugara ailegatuta, 28. postuan sailkatu da gaurko etapan. Hala, gaur gaurkoz, sailkapen orokorreko 34. postuan da ereñarra.
Inolaz ere etsi barik, eta San Juanetik (Argentina) Chilecitorainoko (Argentina) bidea eginda, sailkapenean gora egitea lortu du bertoko pilotuak. Izan ere, domekan –lehenengo etapan– 56. postuan sailkatu zen; atzo 32. postuan bukatu zuen bigarren etapa, eta, gaur, berriz, 28. egin du. Hala, Dakarra hasi orduko ereñarrak berak adierazi bezala, «pausoz pauso» hobetzen darrai.
Astelehenean burutako bigarren etapagaz alderatuta, gaurkoa laburragoa izan da. Astelehenekoa «oso gogorra» izan zela esan du Aranak berak; «oso etapa luzea izan zen eta bero asko egin zuen». Gauzak horrela, «amaitxeagaz pozik» agertu zen ereñarra astelehenean, parte hartzaileetako askok ez baitzuten izan etapa bukatzerik. Aurreko etapan bezala, bigarren hori ere «bizkorra» izan zen hasieran; hala ere, gerora, 100 bat kilometrotan zehar, arezko pista ugaritan ibili behar izan zuten moto gidariek.
Bigarren etapa hori bukatuta, lasterketan hautsitako erregai-tanga konpondu behar izan zuten Aranaren mekanikariek. Dena den, bestela, motoak arazorik eman ez zuela aitortu zuen Ereñoko gidariak.
Bihar, laugarren etapa
Bihar, bestalde, laugarren etapari heldu beharko dio Chilecitotik (Argentina) Copiaporainoko (Txile) bidean pilotu ereñar gazteak.