Exhibizionismoa egitea leporatuta gizonezko bat atxilotu dute Bermeon
Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Bermeon, adingabeen aurrean exhibizionismoa egiteagatik. Segurtasun sailetik azaldutakoaren arabera, atxilotuak pipitak eskaintzen zizkien adingabeei eta behin arreta bereganatuta, sexu-organoak erakusten zizkien.
Bermeoko udaltzaingoak deitu zuen Ertzaintzara, herriko parke baten ondoan adingabeei ustez sexu-organoak erakusten zebiltzan gizonezko bat zegoela ohartarazteko. Hala, ertzainek Bermeon gertakariak berretsi ostean, ustezko exhibizionistaren bila hasi ziren, udaltzain baten laguntzarekin.
Frantzisko Deuna enparantzako banketxe bateko kutxazain batean aurkitu zuten gizonezkoa. Identifikatu ostean, gizona atxilotu zuten. Adingabeen aurrean exhibizionismoa egitea leporatzen diote. Jakinarazi dutenez, atxilotuak pipitak erabiltzen zituen adingabeen arreta bereganatzeko, eta hori lortuta, sexu-organoak erakusten zizkien.
Segurtasun sailaren arabera, gertakari horren inguruko bi salaketa jaso dituzte. Ertzaintza beharrezkoak diren izapideak egiten ari da, atxilotua datozen orduetan epailearen aurrera joan daiten.