Lekeitioko kultur ondarea jasoko duen aldizkaria aurkeztuko dute zapatuan
Udal Ondare lantaldeak argitaratuko du 'Kurik' izeneko urtekaria. Lehen zenbakian hogei lan batu dituzte, 160 orrialdetan banatuta. Azkue aretoan emango dute ezagutzeraHerriko ondarearen erakusleihoa izango den Kurik aldizkaria plazaratuko du urtero Le...
Udal Ondare lantaldeak argitaratuko du ‘Kurik’ izeneko urtekaria. Lehen zenbakian hogei lan batu dituzte, 160 orrialdetan banatuta. Azkue aretoan emango dute ezagutzera
Herriko ondarearen erakusleihoa izango den Kurik aldizkaria plazaratuko du urtero Lekeitioko Udal Ondare Lantaldeak. Gaurko zein aspaldiko historia, ohiturak eta bere zentzu orokorrean ondareagaz zerikusia duten gaiak izango dute lekua aldizkarian. Lehen zenbakia zapatuan aurkeztuko dute, 12:00etan, Azkue aretoan. Jakitera eman dutenez, kontu ugariz beteta dator argitalpena.Lekeitioko Udaleko Ondare Lantaldeko hiru kide daude egitasmo berriaren atzean: Iñaki Madariaga Valle, Iñaki Goiogana Mendiguren eta Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa. Guztira, hogei lan batu dituzte lehen alean, 160 orrialdetan banatuta.
Historia bereziak
Aparicio de Zubia lekeitiarraren historia jaso dute esate baterako. «Olioak gaixotasun batzuk osatzen zituela konturatu zen Aparicio de Zubia, eta asmakuntza horrek ospetsu egin zuen. Oso ezaguna izan zen bere garaian, eta bere asmakizunaren berri On Kixote liburuan ere ematen da», azaldu dute.
Bestalde, Lekeitioko lehen futbol taldearen gorabeherak, Napoleon Frantziako enperadorearen gerra denborako sekula argitaratu gabeko informazioa, edo Beheko kalean agertu ziren tinen gaineko azalpenak aurkitu ahalko dira Kuriken. Kontu horietaz gain, aldizkariaren lehen zenbakiko artikulu nagusiak hezkuntzari lotutakoak dira. Azkue ikastolaren 50. urteurrena aurten betetzen dela-eta, ikastolari eta herriko eskolei artikulu bana eskatu diete aldizkariaren arduradunek euren historia eta etorkizunerako planak zeintzuk diren azaltzeko eskatuz.
Lekeitioko konfiteroen historia, Lekeition bertan erroldatu zen Shanti Andia pelikularen gaineko azalpenak, urteko kronika, liburuen erreseinak, eta denborapasak ere irakurri ahal izango dira zapatutik aurrera, lehen aldizkarian.
Lehen zenbakiaren 700 ale kaleratuko ditu Lekeitioko Udalak Gabon bezperarako, eta herriko liburu eta prentsa dendetan zein turismo buegoan jarriko dituzte salgai, 15 eurotan.