Lameran merkantziak banatzeko arazoak dituztela diote banatzaileek
Lamera oinezkoentzako gunea dela-eta, udalak zamalanetarako eremua berrantolatu du. Gune horietan izaten diren autoek banatzaileen lana «oztopatzen dutela» dioteBermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu zuenetik merkantziak ban...
Lamera oinezkoentzako gunea dela-eta, udalak zamalanetarako eremua berrantolatu du. Gune horietan izaten diren autoek banatzaileen lana «oztopatzen dutela» diote
Bermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu zuenetik merkantziak banatzeko arazoak dituztela eta, kexu da Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkartea. Udalak, azaroaren amaieran egin zuen zamalanen berrantolaketa hori. Lamerako lurzorua eta oinezkoak babestu ahal izateko, parkea oinezkoentzako gune bihurtu zuen.Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkarteko presidente Igor Lopezek azaldutakoaren arabera, «oinezkoen guneekin ados gaude, gure sektorearentzako onak baitira». Hala ere, oinezkoentzako guneak «herri barruko merkantzia banaketaren plan batekin» egin daitezkeela dio Lopezek. «Lameratik atera gaituzte lurzorua apurtzen dugula eta oinezkoentzako kaltegarriak garela esanez. Gurekoiak garela esaten digute, gainera. Oinezkoentzako gune askotan egiten dugun modura, ordutegi zehatz batean, kamioi txikiekin Lamera parkera sartzeko proposamena egin genien udaletxeko arduradunei, baina ez digute kasurik egin».
Berrantolaketa eginda, hornitzaileen furgonetentzako eta kamioientzako hiru zamalan gune jarri zituen udalak. Horiek, baina, autoz beteta egoten direla zehaztu du Lopezek. «Gure hornitzaileen lana zailtzen dute, askotan aparkatzeko lekurik ez dutelako». Hala, Lopezen arabera, «Lameran ezin bagara sartu, zamalanentzako guneak autoz beteta badaude, eta udaltzaingoak ez badu ezer egiten, nola eramango ditugu edariak eta elikagaiak tabernetera? Ostalariak nahi ditugu herrian, baina gure arazoak dendetara edo tabernetara ere iris daitezke; eta ondoren, herritarrengana».
Udalean hainbatetan «euren kexkak» agertu dituztela azaldu dute: «gure ustez, erabaki politikoak daude guztiaren gainetik eta ez dute gure sektorearen problematikaz ezer jakin nahi». Guzti horregatik, «baztertuta» sentitzen direla diote.
Egokitzapen egunak
Bermeoko Udalak, bestalde, zamalanen guneak hornitzaileen beharrizanei «hobeto erantzuteko» jarri direla azaldu du. «Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkartearen beharrizanak atenditzeko prest egon gara eta gaude» esan du udalak.
Zamalan guneen berrantolaketa azaroaren amaieran jarri zuten martxan udalak gogorarazi duenez. «Herritarrak jakinaren gainean izan arte, egokitzapenerako zenbait egun egon ziren, eta horregaitik zeuden autoak txarto aparkatuta», azaldu dute Bermeoko Udaletik. Egokitzapenerako egun horiek igarota, Udaltzaingoak zamalanen ordutegian gune horietan aparkatuta egon diren ibilgailuei isunak jarri dizkiela jakinarazi du udalak: «hainbat dira izapidetu diren isunak, abenduaren 10era arte, 40 inguru».
Aldaketa hori herriarentzat «ezinbestekoa» dela iritzita, «guztion ahalegina eta egokitzapen prozesua» beharrezkoak direla azaldu dute udaletik. Zamalan gune horien erabilera egokia egiteko, udala «gai horren inguruko» jarraipen zehatza egiten ari dela jakinarazi dute.