Hirugarren postuan sailkatu da Estebanen taldea Portimaon
Munduko errekorra hautsi duen lasterketan parte hartu du Zihara Esteban auto gidari gazteak; alegia, historiako lasterketa luzeenean. Errekorra hausteaz konformatu ez, eta, sariagaz bueltatu da etxera. Izan ere, 32 orduko lehiaren ostean, Gernika-Lumok...
Urtebete baino gehiagoz zirkuituetatik kanpo egon ostean, «lasterketa bikaina» egin zuen joan den asteburuan bertoko gidariak, euria etengabe ari zuen proban. Matxura «garrantzitsu» baten ondorioz, gainontzekoak baino hiru ordu beranduago hasi zuen lasterketa Gernika-Lumokoaren taldeak, eta, ordurako 80 buelta galduta zituzten taldeko gidariek. Hala ere, gogor ekin zioten, eta ordubete inguru berreskuratzea lortu zuten. Matxura hori izan ezean, bertoko gidaria eta haren taldekideak lehenengo sailkatuko litzatekeela dio gernikarraren aita Jose Estebanek.
Azken belaunaldiko Seat Leon bategaz lehiatu da gernikarra joan den asteburuan. Auto horrek Montmeloko 24 orduak irabazi zituen, eta, hasierako matxura hori kenduta, «jarrera bikaina» izan zuen.
Hala, marka berri hori hautsita, 2014ko denboraldia bikain bukatu du Estebanek. Emakumezkoen mailan, adibidez, asfaltozko eta lur gaineko Espainiako Rally Txapelketak irabazi ditu. Junior mailako gidari guztiak kontuan hartuz gero, gainera, bosgarren sailkatu da.
Bestalde, Munduko Rally Txapelketako Herrialde Katalanetako proba lehiatu duen emakume bakarra izan da, eta munduko txapelketako proba bat amaitu duen emakumezko gazteena ere bada bertokoa.