Espainiako musher onenen artean dira bertokoak
Espainiako Mushing Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan Polientesen (Kantabria, Espainia) hainbat parte hartzailek. Busturialdeko ordezkaritza ere, bertan izan zen; hain zuzen, Arratzuko Iskander Rodriguez eta Ereñoko Iskander Kobeaga izan zire...
Kobeagak lehenengo bost onenen artean egitea espero bazuen ere, bigarren saria eraman zuen etxera; ahal zuena eginda, «oso pozik» agertu da, lehenengotik 30 segundora amaituta.
Rodriguez ere, «pozik» da lasterketan lortutako emaitzagaz, eta, lorpen horietan bere txakurrek asko lagundu dutela aitortu du. «Bikain aritu ziren», dio. «Penaz» hartu du arratzuarrak patinete gainean lortutako bigarren postua; izan ere, lehenengoarengandik soilik 6 hamarrenera ailegatu zen helmugara. Sari horregaz, dena den, konformatzen dela azaldu du.
Batarentzat zein bestearentzat lasterketa «gogorra» izan da asteburukoa. Azaldu dutenez, «basa asko» zegoen, eta zaila zen ibilbidetik joatea.
Espainiako Kopako azken hiru lasterketak egitea geratzen zaio orain ereñarrari. 22 urteko gaztea sailkapen orokorraren buruan da momentuz, eta martxo inguruan lehiatuko du txapelketako azken proba. Aurten, gainera, inoiz lehiatu ez dituen lasterketetan ere parte hartuko du Busturialdeko gazteak; alegia, elurretan.
Rodriguezek, bestalde, urtarrilaren 4tik 10era lehiatuko den lasterketa bat du orain xede. Hain justu, lera gainean ariko da Italiako Alta Via lasterketan bertoko musherra. Zortzi txakur izango ditu orduan bidelagun, eta ondo moldatzeko, aurki hasiko da elurretan entrenatzen.