Preso eta iheslarien eskubideen aldeko sarea pausuak ematen hasi da
Domekan egin zuten aurkezpena, eta lehen sarekideak egiten hasi ziren markina-xemeindarrak. Sakabanaketagaz amaitu beharra dagoela azpimarratu zuten ekitaldianEuskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde lan egingo duen herritarren sarea mart...
Domekan egin zuten aurkezpena, eta lehen sarekideak egiten hasi ziren markina-xemeindarrak. Sakabanaketagaz amaitu beharra dagoela azpimarratu zuten ekitaldian
Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde lan egingo duen herritarren sarea martxan dago Markina-Xemeinen ere. Domeka arratsaldean aurkeztu zuten Markina-Xemeingo Sare, eta lehenengo sarekideak ere egiten hasi ziren.«Sare, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen urraketagaz behin betiko eta errotik amaitzeko sortu den sare herritarra da; egitasmoaren protagonistak danok gara, eta bat egin behar dugu», azaldu zuten. Jakitera eman zutenez, mugimenduaren erronka nagusiak sakabanaketagaz behin betiko amaitzea, eta gaixo larriak, 70 urtetik gorako lagunak zein hiru laurdenak beteak dituzten euskal presoak kartzeletatik irtetzea dira. Izan ere, bidegabeko espetxealdi luzaketekin ere amaitu nahi du Sarek. Hori dela eta, Jose Ramon Foruria Foru gaixorik dagoen preso politiko markina-xemeindarraren kasua aitatu zuten: «11:00etatik 18:00ak arteko ordutegia dauka kalean egoteko, astero Basaurira joan behar da sinatzera eta Bizkaitik ezin du irten. Nahiz eta kartzelatik kanpo egon, hortaz, ezin da esan aske dagoen pertsona bat denik».
Dispertsioaren Liburua
Sakabanaketaren aurka egiteko ahalik eta sostengu gehien biltzeko asmoz, Sarek atera duen Dispertsioaren liburua ere aurkeztu zuten ekitaldian. Liburuxkaren xedea, errealitate hori ikuspuntu ezberdinetatik aztertu eta mundu guztiaren aurrean ezagutzera ematea da, politika horrekin behin betiko amaitu ahal izateko. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez dagoen liburua zabaltzeko modua eskuz-eskukoa izango da, sarekideen bitartez.
Dispertsioaren Liburua argitaratu zenean 475 euskal herritar zeuden preso; horietatik, 463 zuden etxetik ehunka kilometrotara, eta euretako bat da Ziortza Bolibarko Andoni Lariz Bustindui. Lariz, 2013ko urtarrilaren 12an atxilotu zuten, eta Frantziako Bois D’arcy espetxean dago. «Bete beharreko zigorraz gain, dispertsioaren zigor gehigarria daukate euskal preso politikoek. Hala, egoera horrek familia ezegonkortzeaz gain, gastu ekonomiko handia eragiten die hurbilekoei», nabarmendu zuten.
Azaldu zutenez, Andoni Larizen familiak 1.766 kilometro egin behar ditu astebururo; urtean 21.192 kilometro. Asteroko bidaiak 400 euroko kostua dauka; urtean 19.200 euro.
«Sakabanaketagaz amaitzea beharrezkoa da, eta danon artean lortuko dugu; danok gara beharrezko», azpimarratu zuten. Sarea ehuntzeko, beraz, sarekideak egiten hasi dira. «Sareren helburuekin bat egiten duen edonor izan daiteke sarekide», azpimarratu zuten. Horretarako fitxa bat bete eta entregatu behar da. Gabonetan sarekide egiteko mahaia jarriko dutela jakitera eman zuten mugimenduko kideek.