Kolore laranjaren gainetik, beltza
Laranjaz bizi izan du Gernika-Lumok asteburua. Kolore laranja izan da herrian, nonahi, azken egunetan. Aterki laranjekin babestu da jendea euria ari zuenean. Laranjarekin irudikatu nahi izan dute Gernika-Lumo, asteburuan, libre izateko pausoak ematen a...
Laranjaz apaindu zuten herria zapatu goizean, aterki laranjak zabaldu zituzten kalejiretan, laranja koloreko aterkipean babestu zuten zapatu arratsaldean Jone Amezaga, ezkutalekutik atera zenean, eta kolore laranja bizia hartzen zuen tutti frutiak sortzen zuen aterki erraldoiak.
Pertsona libreekin osatutako herri librea zen helburua, eta «amesten» zuten hori errealitate bihurtu izan dela esan zuten dinamikaren sustatzaileek domeka arratsaldean.
Amezagak berak ere, asteburuan libre bizitzeko aukera izan duela esan zuen domeka goizean, Merkatu plazan. Jendearen konpromisoari esker izan dela libre: «Eskertu behar ditut ni libre bizitzea posible egin duten guztiak, eta aurrerantzean ere horretarako lanean jarraitzeko eskatu nahi diet».
Lagunartean, libre izateko aukera izan zuen Amezagak domekan ere; Merkatu plazan izan zen, antolatutako jolasetan parte hartzen.
Eta domeka goizean libre zen gune berean kendu zioten Amezagari aske bizitzeko eskubidea, 24 ordu beranduago. Libre bizi nahi duen kolore laranjaren gainetik pasatu ziren traje beltzekin jantzitako poliziak.
Eta eraman dute. Libre bizitzeko hautua egina zuen errigoitiarrak, baina ez diote utzi. Pankarta bat jartzeagatik, urte eta erdiko zigorra agindu zuen epaileak, eta, epaia irmoa zela jakitean, atxilotzeko baimena eskatu zion Ertzaintzak Espainiako Auzitegi Nazionalari. Txosten horretan zioenez, herri harresirik ez zuen nahi Ertzaintzak, eta herri harresirik ez du izan Gernika-Lumon. Herri librean bizi gura izan duen jendea izan da asteburuan Gernika-Lumon aurkitu izan duena; eta besarkada bat, besarkada erraldoi bat izan zen jendez betetako Merkatu plazan atzo topatu zuena. Maitasun erakustaldi hori, baina, indarrez apurtu zuen poliziak. Kaleko zein traje ofizialarekin jantzita, dozenaka poliziak hartu zuten azoka, goizeko 11:15 inguruan, jendez gainezka zegoenean.
Airean hartu zuten Amezaga, airean eraman zuten Gernikako kaleetatik, airean sartu zuten autora… Baina asteburuan emandako pausoak airean ez geratzeko deia egin die Jone Amezagak Busturialdeko eta Gernika-Lumoko herritarrei: «Indartsu nago zuei esker. Horregatik, Euskal Herri libre baten alde lan egiteko eskatu nahi dizuet».