Jendez beteriko azokan oldartu da Ertzaintza, Amezaga atxilotzeko
Errigoitiko gaztea besarkatzen zeudenen kontra egin zuen Ertzaintzak. Hainbat zauritu utzi zituen oldarraldiak. 1500 lagun inguru batu ziren iluntzeko manifestazioanMerkatu plazan atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Jone Amezaga, familiarekin eta hurbilekoe...
Errigoitiko gaztea besarkatzen zeudenen kontra egin zuen Ertzaintzak. Hainbat zauritu utzi zituen oldarraldiak. 1500 lagun inguru batu ziren iluntzeko manifestazioan
Merkatu plazan atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Jone Amezaga, familiarekin eta hurbilekoekin zela. Azoka eguna zen Gernika-Lumon, eta jendez beteriko gunean joan ziren ertzainak Amezagaren bila. Kaleko jantzitako zenbait polizia hurbildu ziren lehenengo, eta Amezaga besarkatzen ari zen jende multzoaren aurka egin zuen; tentsio uneak bizi izan ziren, bilduta zeudenak indarrez ateratzen hasi zirenean. Amezagarengana heltzeko, baina, zailtasunak izan zituzten, eta uniformez jantzitako dozena bat ertzain sartu ziren plazara, jendearen kontra oldartuz. Minutu batzutara eraman zuten, kolpeen artean, airean hartuta. Hain zuzen, Zaballako (Araba) espetxera eraman zuten.Gernika-Lumoko udal gobernuak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du, Merkatu plazara jendea kolpatuz sartzeagatik. Hala, datozen egunetan ere Amezagari elkartasuna adierazteko deia egin die herritarrei. Atzoko manifestazioan, esaterako, 1500 lagun inguru batu ziren.
«Itzela izan da», zioen edadeko andra batek, giroa baretu ostean. «Halako leku batera etortzea neska gazte bat atxilotzera, nik neuk motz ikusten dut. Gainera, ez du holakorik merezi». Ikara gorputzean zuten atxiloketa unean ondoan zeuden postuetako andrek: «Sustua gainean dut oraindik». Bere ondoan zegoen beste emakume bat barazkiak bere lekuan jartzen laguntzen ari zitzaion: «Beste modu batera egin zezaketen, ez horrela. Jakinez gero hemen dagoela, itxaron. Beraiek (poliziak) asko izan dira, eta binaka edo hirunaka banatuta zaindu ahal izan dute plaza, neska hori norantza zihoan ikusteko».
«Hemen ezin daiteke holakorik egin» zioen beste andra batek, «ez da lekua izan, mahaiak ere apurtu dituzte. Modu baketsuan atxilotzerik bazuten».
Apurtutako postu baten aurrean zegoen edadeko beste andra batek salmahaiak babesten aritu zela kontatu zuen: «Sakaka ibili gara; beraiek alde batera sakatzen gintuzten, guk bestera». Ertzainen jokabideari buruz ere hitz egin zuen: «Ez dago eskubiderik. Neska bat horrela eramatea… ez dakit zenbat polizia etorri diren ere, hogeitazak. Beste modu batean eraman zezaketen».
Aurreko postuko mutilaren iritziz ere, ertzainen moduak ez ziren egokienak izan. «Kaleko jantzitako ertzainek ezin izan dute Jone eraman, eta orduan beltzak agertu dira, jendea kolpatzen hasiz». Alde bakoitzak bere errua izango zukeela aipatzen zuen beste andra batek, «baina holakorik ezin daiteke egin merkatu plaza batean».
Zaurituak
Bulkaden eta kolpeen artean, 95 urteko andre bat zauritu zuten ertzainek; beso bat apurtuta du, eta hankan eta eskuetan ere zauriak ditu. Haren familiak Ertzaintzaren kontrako salaketa jartzeko asmoa du, HITZAk jakin izan duenez. Azokan saltzen zegoen beste emakumezko bat ere kolpatu zuen Ertzaintzak, eta saihets bat apurtuta du.
Atzoko oldarraldian, gainera, ertzainek borra luzagarriak erabili zituztela salatu du Jone Libre plataformak; «kaleko jantzitako poliziek erabili ditzaketen arren, azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu». Irudi hori ematerik ez zuen espero plataformak, «ez zen asmoa, eta barmakenak eskatu nahi dizkiegu merkatuan izan diren saltzaile eta erosleei, bilatzen ez genuen egoera horrek bete-betean harrapatu dituelako».