Ia 200 kirolarik parte hartu dute Mutrikuko XII. Herrikrosean
Ondo pasatzeko aukera ederra eduki zuten domekan Mutrikuko XII. Herrikrosean parte hartu zuten ia 200 lagunek. Guztiak jai giro ederrean egin zuten korrika. Izan ere, helburu nagusia parte hartzea izan zen.10:00etan hasi ziren herriko gaztetxoak korrik...
10:00etan hasi ziren herriko gaztetxoak korrikan. Ia 50 gaztetxok parte hartu zuten antolatu ziren bi probetan.
Hain zuzen ere, mota horretako kirol probetan herriko gazteenen parte hartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute Talaixa Triatloi taldeko kideek. «Antolatzen ditugun proba guztietan umeentzako proba bat egitea oso atal garrantzitsua bihurtu da guretzako; ez ditugu helduentzako probak bakarrik antolatu nahi. Belaunaldi berriei kirolera hurbiltzeko aukera eman nahi diegu. Lehia alde batera utzita, ezinbestekoa iruditzen zaigu umeen artean kirola bultzatzea».
Parte hartu zuten gaztetxo guztiak pozik geratu ziren proban parte hartu eta gero. Sari modura, helduei banatu zitzaien elastiko berdina jaso zuten.
Nagusiei dagokienez, lehia alde batera utzi eta giro onean egin zuten korrika 137 parte hartzaileek.
Hala ere, lehenengo helmugaratu zirenen artean lehia estua egon zen. Izan ere, helmugara heldu ziren bi neskak eta bi mutilak elkarrengandik oso hurre ibili ziren.
Mutilen kasuan, Julen Ozaeta aurretik ibili zen lasterketa osoan, baina Ibon Bengoetxeak oso gertutik jarraitu zion. Ia ibilbide osoan pareko joan ziren lehenengo bi sailkatuak. Helmugara heltzeko bi kilometro falta zirenean, Ozaetak aurrea hartu zuen.
Nesketan ere lehia estua izan zen. Gurutze Frades eta Oihana Kortazar nahikoa parekatuta ibili ziren, baina azken igoeran Fradesek alde txikia atera zion Kortazarri.
Balorazioa, ona
Mutrikuko lehen herrikrosa antolatu eta gero, Talaixa Triatloi taldeko kideek ekimenaren balorazio ona egin dute. «Nahikoa jende hurbildu da, eta helburuak lortu dira. Guk dakigunez, inork ez du minik hartu eta ez da inolako arazo larririk gertatu».
Orokorrean, pozik daude antolatzaileak. «Talde barruan ere oso pozik geratu gara. Bestalde, lasterketa berreskuratzeko gogoarekin geunden. Partaideak nahikoa gustura ikusi ditugu, eta antolatzaile modura, hori da guretzat garrantzitsuena».