Munduko errekorra hautsi duen lasterketan parte hartu du Zihara Esteban auto gidari gazteak; alegia, historiako lasterketa luzeenean. Errekorra hausteaz konformatu ez, eta, sariagaz bueltatu da etxera. Izan ere, 32 orduko lasterketan parte hartu du bere taldekideekin batera gernikarrak, eta, hori eginda, hirugarren saria eskuratu zuen bere kategorian, Portimao hirian (Portugal) lehiatutako Maxiendurance lasterketan. Hala, lortutako errekorragaz «oso pozik» agertu da auto gidaria, eta lasterketa «oso gogorra» izan dela aitortu arren, bukatzea lortu dutela gaineratu du. Taldekideei eta proiektuaren babeslei eskaini die garaipena.
Urtebete baino gehiagoz zirkuituetatik kanpo egon ostean, «lasterketa bikaina» egin zuen joan den asteburuan bertoko gidariak, euria etengabe ari zuen lasterketan. Matxura «garrantzitsu» baten ondorioz, gainontzeko gidariak baino hiru ordu beranduago hasi zuten lasterketa Gernika-Lumokoak eta bere taldeak, eta, ordurako 80 buelta galduta zituzten. Hala ere, gogor ekin zion gernikarrak, eta ordubete inguru berreskuratzea lortu zuen. Matxura hori izan ez balu, lehenengo sailkatuko liratezkeela dio gernikarraren aita Jose Estebanek; «diferentzia handiarekin, gainera».
Azken belaunaldiko Seat Leon bategaz lehiatu da gernikarra joan den asteburuan. Auto horrek Montmeloko 24 orduak irabazi zituen, eta, hasierako matxura hori kenduta, «jarrera bikaina» izan du autoak lasterketan zehar.
Hala, marka berri hori hautsita, 2014ko denboraldia bikain bukatu du Estebanek. Emakumezkoen mailan, adibidez, asfaltozko eta lur gaineko Espainiako Rally Txapelketak irabazi ditu. Junior mailako gidari guztiak kontuan hartuz gero, gainera, bosgarren sailkatu da.
Bestalde, Munduko Rally Txapelketako Herrialde Katalanetako proba lehiatu duen emakume bakarra izan da, eta munduko txapelketako proba bat amaitu duen emakumezko gazteena ere bada bertokoa.