Garaian aldizkariaren 50. zenbakia kalean dago
Argitalpenaren eta Zerutxu Ikastolaren urteurrenak dira aldizkariaren muina. Juan Luis Muniozguren kolaboratzaileari aitamen berezia egin diote elkartekoekJoan den zapatuan aurkeztu zuen Garaian elkarteak Garaian aldizkariaren 50. zenbakia. Zendu berri...
Argitalpenaren eta Zerutxu Ikastolaren urteurrenak dira aldizkariaren muina. Juan Luis Muniozguren kolaboratzaileari aitamen berezia egin diote elkartekoek
Joan den zapatuan aurkeztu zuen Garaian elkarteak Garaian aldizkariaren 50. zenbakia. Zendu berri den Juan Luis Muniozguren aldizkariko kolaboratzaileak egindako irudiagaz hasi zuten ekitaldia. «Aldizkaria sortu zenetik, Muniozgurenek egin izan ditu aldizkariko irudi, komiki eta kontrazalak», azaldu zuten. Hori dela eta, aurtengo aldizkaria bere omenez atera dute. «Egin duen lana eskertzeko». Azken zenbakiaren kontrazala ere Juan Luis Muniozgurenena da. «Eginda utzi zuen», nabarmendu zuten.50 zenbakia da protagonista ale berrian. Izan ere, Zerutxu Ikastolaren eta Garaian aldizkariaren 50. urteurrena dira aldizkariaren muina; eta, beraz, Zerutxuren argazki bat eta lehenengo Garaianen irudia aukeratu dituzte azalerako.
Miguel Angel Bilbao izan zen Garaian aldizkariaren bultzatzailea, eta berari egin diote elkarrizketa. Bere bizitzari buruz jardun dute batez ere, baina beste hainbat gauza ere kontatu ditu Bilbaok. «Bere bizitzaz gain, Markina-Xemein zelakoa zen, Eskola Laborala eta Gazte Alaiak elkartea aitatzen ditu», azaldu zuen Betikone Aretxabaleta Garaian elkarteko kideak. Markinarrak idatzitako liburuaz eta aldizkariaz ere mintzatzen da Bilbao.
Zerutxu
Zerutxu Ikastolaren oroitzapenak berreskuratzeko, Garbiñe Arrate eta Tere Maiztegi andereñoekin eta ikastolaren sorreran parte hartu zuen Jose Antonio Ansolagaz elkartu dira Garaianeko kideak. Leku berezia aukeratu zuten, gainera, elkarrizketarako: Zerutxu egon zen Karmengo fraideen komentuko saloia. Aita Miguel Mariaren lana, ikastolaren sorrerako giroa, eta sorreran izan zituzten eragozpenak azaltzen dituzte elkarrizketan. Horretaz gainera, ikastolan ibilitako ikasleen oroitzapenak eta argazki erakusketa zabala ere jaso dituzte aldizkarian. «Hamarkada bakoitzetik bi ikasle aukeratu ditugu, eta oroitzapen danak oso goxoak eta alaiak izan dira. Denek gogoratzen dute Zerutxu oso gauza berezi modura», esan zuen Aretxabaletak.
Ibilbide guztia osatzeko, Zerutxu Ikastolaren eta Bera Kruz Ikastetxearen elkartzea azaltzen du Luis Baraiazarra Txertudik. Garai hura zelakoa izan zen gogoratzeko eta testuingurua ulertzeko, berriz, 60. hamarkadako pizkunde kulturalari buruzko artikulua idatzi du Patxi Juaristik.
Parapetoa
Zerutxu eta Garaian aldizkariari lotutako gaietatik at dagoen kontu bakarra Parapetoa da. Markinarren Txokoak atalerako aukeratu dute herriko ingurune hori. Orain arte, herriko ze txoko duten gustukoena galdetu diete markina-xemeindarrei, baina, oraingoan lekua aukeratu eta berataz galdetu diete. «36ko gerran Markinako Errepublikaren Aldeko Batzordeak babeserako bigarren lerro modura eraiki zuen parapetoa, baina ez zen erabili», azaldu zuen Naroa Escabias Garaian elkarteko kideak.
Aldizkariaren gai nagusiei lotuta, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Garaian elkarteak urtarriletik aurrera. Hitzaldiak eta irteerak aitatu zituzten besteak beste. Aldizkaria, betiko modura, prentsa saltokian, eta Zuriñe, Zutoia eta Kareaga dendetan egongo da salgai.