Iskander Rodriguez bizikleta gainean, bere txakurragaz
Espainiako Mushing Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan Polientesen (Kantabria, Espainia) hainbat parte hartzailek. Busturialdeko ordezkaritza ere, bertan izan zen; hain zuzen, Arratzuko Iskander Rodriguez eta Ereñoko Iskander Kobeaga izan ziren lehian, beste hainbat musherregaz batera, eta horiek podiumera igotzea lortu zuten. Kobeagak bigarren egin zuen bizikleta gainean, eta Rodriguezek, berriz, hirugarren. Azken horrek, gainera, bigarren saria jaso zuen patinetean.
Kobeagak lehenengo bost onenen artean egitea espero bazuen ere, bigarren saria eraman zuen etxera; ahal zuena eginda, «oso pozik» agertu da, lehenengotik 30 segundora.
Rodriguez ere, «pozik» da lasterketan lortutako emaitzagaz, eta, lorpen horietan bere txakurrek asko lagundu dutela aitortu du; «bikain» aritu baitziren. «Penaz» hartu du arratzuarrak patinete gainean lortutako bigarren postua; izan ere, lehenengoarengandik soilik 6 hamarrenera ailegatu zen helmugara. Sari horregaz, dena den, konformatzen dela azaldu du.
Batarentzat zein bestearentzat lasterketa «gogorra» izan da asteburukoa, azaldu dutenez, «basa asko» izan zen, eta bertatik igarotzea zailtzen zuen horrek.
Espainiako Kopako azken hiru lasterketak egitea geratzen zaio orain ereñarrari. Sailkapen orokorrean lehenengo postuan da, momentuz, 22 urteko gaztea, eta martxo inguruan izango du hori ziurtatuko duen azken lasterketa. Aurten, gainera, inoiz lehiatu ez dituen lasterketetan parte hartuko du Busturialdeko gazteak; alegia, elurretan.
Rodriguezek, bestalde, urtarrilaren 4tik 10era lehiatuko duten lasterketa du orain xede. Hain justu, lera gainean ariko da Italiako Alta Via lasterketan bertoko musherra. Zortzi txakur izango ditu orduan bidelagun, eta ondo moldatzeko, aurki hasiko da entrenatzen elurretan.
Iskander Rodriguez patinetean, bere bi txakurrekin