600 emakume batu dira Ondarroan egin diren topaketa feministetan
Bilgune Feministak antolatutako topaketetan Euskal Herri osotik etorritako emakumeak batu dira. Ekimenean parte hartu duten guztien artean diagnostiko berria sortu duteJai giroan hasi ziren zapatuan Ondarroan egin ziren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa...
Bilgune Feministak antolatutako topaketetan Euskal Herri osotik etorritako emakumeak batu dira. Ekimenean parte hartu duten guztien artean diagnostiko berria sortu dute
Jai giroan hasi ziren zapatuan Ondarroan egin ziren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak. Bilgune Feministak deituta, Euskal Herri osotik etorritako 600 emakume inguru batu ziren.Jardunaldiekin hasi orduko, parte hartzaile bakoitzari materiala banatu zitzaion kofradia kanpoan, eta ostean, areto bete jenderi ongietorria eman zioten; topaketen aurkezpena Amaia Cabero ondarrutarrak eta Maite Segurolak egin zuten.
Ongietorriagaz amaitu eta gero, Iraitz Agirre Bilgune Feministako kideak hiru eremu nagusi dituen diagnostiakoaren berri eman zien kofradian batutakoei. Agirre eremu sozio-ekonomikoaren, eremu politiko-instituzionalaren eta eremu ideologiko-kulturalaren inguruan berbetan aritu zen.
Ideia guztiak adostasunean
Behin diagnostikoaren berri eduki ostean, kofradian batutakoak Etxelilara eta institutura joan ziren eztabaidagaz jarraitzera.
30 pertsonako lantaldeetan banatuta, aurretik banatutako gaien inguruan eztabaida sakonean aritu ziren; adin eta jatorri ezberdinetako emakumeek euren esperientziak, iritziak eta bizipenak trukatzeko eta partekatzeko aukera izan zuten. Taldean ideiak bateratzen eta planteatutako hiru galderen inguruan hausnartzen saiatu ziren.
Denen ideia guztiak kontutan hartuta, adostasunera heltzea izan zen ariketaren helburua. Eguerdira arteko tartean jasotako ideia guztiak diagnostikoa aberasteko eta arratsaldean egin zen mahaingurua elikatzeko jaso ziren.
Mahai inguru interesgarria
Bazkal ostean, aldiz, Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k) mahai ingurua egin zuten kofradian.
Arratsaldean ere, kofradiako areto nagusia jendez bete zen. Mahai inguruan batu zirenek hiru gai jorratu zituzten: Trantsizio feministaren oinarri eta norantzak, erresistentzia estrategiak eta aurrera begirako erronkak.
Hizlariak ondokoak izan ziren: Jule Goikoetxea (idazlea, filosofia politikoan doktorea, Cambridge unibertsitateko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko iraskalea), Jeanne Roland (senegaldarra, euskalduna eta Garaipen taldeko militantea), Ana Murcia (El Salvadorreko Las dignas taldeko kidea, ekonomia feminista eta Hego Amerikako erresistentziako mugimenduetako kidea eta Garaipen taldeko kidea), Idurre Eskisabel (Kazetaritzan eta Antrolologian lizentziatua, Berriako zutabegilea eta kazetaritza irakaslea EHUn), Ainhoa Etxaide (LAB sindikatuko idazkari nagusia), Saioa Iraola (Bilgune Feministako kidea) eta Josebe Iturriotz (Plazandreok eta Medeak taldeko kidea).
Arratsaldeko saioa amaituta, bukaera ekitaldiko bidea kalejiran eta jai giroan egin zuten parte hartzaileek, Andrabandak animatuta. Topaketen amaierako ekitaldia Beikozinin egin zen eta hori ere jendetsua izan zen.
Une hunkigarriak
Arantza Ibarraren Sarearen oihua dokumentala proiektatzen hasi zuten amaiera ekitaldia. Atzetik, eta eguneko irudiak batzen zituen bideoa proiektatu aurretik, bakarrizketa umoretsu bat entzuteko aukera izan zuten Beikozinin batutakoek.
Ostean, Bilgune feministako kideek topaketetan eman ziren ondorio nagusien berri eman zuten, ilustratzaile biren laguntzagaz; Jone Amezaga gernika-lumotarra eta Abadiñon hildako bi emakumeak ere gogoan izan zituzten.
Amaiera ekitaldiko unerik hunkigarrienak Ekhine Eizagirre Bilgune Feministako kidearen hitzak irakurri zirenean bizi izan ziren. Mireia Delgadok, Eizagirreren lagunak, haren gutun bat irakurri zuen. Horrez gain, Eizagirrek Frantziako Fleuryko kartzelan idatzitako bertsoak abestu zituzten.
Topaketak Zutik Emakumeak abestuz eta Jostorratzak dantzan! festa feministagaz amaitu zen.