Urbietako pasabideak legea betetzen duela dio epaileak
Elbarriak gizarteatzeko elkarteak, Asinsoc-ek, jarritako salaketa artxibatu du Gernika-Lumoko epaitegiak. Elkarte horren arabera, Gernika-Lumoko Udalak ez du legea bete Urbietarainoko pasabidea eraikitzerako orduan. Epaileak, aldiz, udalak obra hori le...
Ezkiagatik Urbietaraino joateko pasabide berria inauguratu zuen Gernika-Lumoko Udalak urriaren 25ean. Asinsoc elkarteak, baina, trenbide gainetik doan zubiaren proiektu hura geratzeko eskatu zuen urri hasieran, irisgarritasun legea betetzen ez duela argudiatuta; eta urriaren 1ean salaketa ipini zuen elkarteak Gernika-Lumoko Instrukzio Epaitegian.
Irisgarritasuna bermatuta
Elkarteko idazkari nagusi Patxi Quirogak esan zuenez, «gure elkartea ez dago Urbietako kirol gunera heltzeko pasabidea eraikitzearen kontra; eraiki duten moduaren kontra baizik, eskailera eta guzti». Elbarrien kolektiboa diskriminatzen duen azpiegitura berri bat dela esan zuen: «Ezingo dugulako gainerako herritarrek erabil dezaketen baldintza beretan erabili».
Udalaren arabera, berriz, pasagune berria gaur egungo loturaren gehigarria da, eta azaldu du azken hori erabiltzaile denentzako dela irisgarria: «Instalazio publiko horietara iristea erabat bermatuta dago, eta edozein erabiltzailerentzat da egokia».
Udalak berak epaitegian aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, pasabidea indarrean dagoen legedia beteta eraiki dutela ebatzi du epaileak.