Urberuagako errepidea konponduko du foru aldundiak
Berritze lanak 2015 urtearen erdialdera hasiko lirateke. Aurrekontua 4,3 milioi eurokoa izango da. Errepidea zabalduko dute Ubillatik PlazakolarainoUrberuaga auzotik igarotzen den BI-633 errepidearen ibilbidea hobetzeko lanak onartu ditu Bizkaiko Foru ...
Berritze lanak 2015 urtearen erdialdera hasiko lirateke. Aurrekontua 4,3 milioi eurokoa izango da. Errepidea zabalduko dute Ubillatik Plazakolaraino
Urberuaga auzotik igarotzen den BI-633 errepidearen ibilbidea hobetzeko lanak onartu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurrekontua 4.370.000 eurokoa izango da, eta hamabi hilabetean burutuko dituzte.Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, egungo ibilbidea aldatuko dute tarte horretan, eta horretarako itzulbide bat egingo dute Larruskain auzorantz doan BI-4403 errepidearekiko bidegurutzea birmoldatuz.
Urberuagatik igarotzen den errepidea bera ere zabaldu egingo dute Ubilla parean hasi eta Plazakola ingururaino. Zati berriak 3,50 metroko zabalerako lerro bi eta 0,50 metroko bazterbideak izango ditu. Horretaz gainera, babes-berma bat jarriko dute, eta 250 metro baino gutxiagoko erradioa duten bihurgune guztiak handituko dituzte. Era berean, 52. kilometro-puntuaren hasieran dagoen sestra-aldaketa hobetuko da, gidariek ikuspen hobea izan dezaten. «Obra horren bidez zirkulazioa erraztea eta ikuspena hobetzea lortu nahi da; horretarako, BI-633 errepidearen 50 eta 52 kilometro-puntuen artean dauden bihurguneen erradioa handitu nahi da», azaldu dute.
2016 erdirako amaituta
Larruskaingo bidegurutzearen aurrean elkargune bat ere eraiki nahi du aldundiak, Markina-Xemeinerantz doazen ibilgailuek eta BI-4403 errepidetik Ondarroarantz doazenek ere noranzkoa aldatzeko aukera izan dezaten.
Lanak 2015 urtearen erdialdera hasteko asmoa agertu du Aldundiak. Horrela, epeak betez gero, 2016ko urte erdirako Urberuagako errepidea berrituta egongo lirateke.