Iparraren bila dabiz gazteak
Orain dela hiru urte hasitakoagaz «pozik ez», eta helburuak «ondo zehazteko» bideari ekin dio Bermeoko Erdu Txo Gazte Asanbladak.Erdu Txo Bermeoko Gazte Asanbladak bide berri bati ekin dio. Azken urteetan egindakoagaz «pozik ez», eta taldearen he...
Orain dela hiru urte hasitakoagaz «pozik ez», eta helburuak «ondo zehazteko» bideari ekin dio Bermeoko Erdu Txo Gazte Asanbladak.
Erdu Txo Bermeoko Gazte Asanbladak bide berri bati ekin dio. Azken urteetan egindakoagaz «pozik ez», eta taldearen helburuak berriro ere zehaztea erabaki dute. Ipar barik ibili direla uste dute, eta aldaketa baten beharra nabaritu dute. Sortu zireneko helburuak ez zituztela ondo planteatu, eta, gerora «asko lausotu» direla uste dute asanbladako kideek: «Helburu horiek aurrera eroateko planteatzen genituen bideak jai hutsetan bihurtu izan dira. Azkenean, konturatu gara gauzak antolatzen ibili izan garela inolako helburu barik, hau da, helburu zehatzak galduta».Hasieran, gazteen artean jarduerak sortzea, eta horien inplikazioa bilatzea zuten xede. Orain, baina, hori «gutxi» dela uste dute, eta helburu berriak lantzen ari dira. Bermeoko Gazte Asanblada beste ikuspuntu batetik planteatzen ari dira, hain zuzen ere.
Hainbat dira oraindik aurrera landu nahi dituzten gaiak: lana, etxebizitza, euskara, feminismoa, diskriminazioa, banakotasuna, pasibotasuna, musika, ekologia, herrien eskubideak, erakundeekiko harremanak, giza eskubideak, ikasketak eta kalea eta drogak, besteren artean: «Beharrizan nagusiak puntu horietan ikusten genituen, eta horien inguruan eztabaidatzen hasi gara, gure ideologia garatuz. Partaide bakoitzak izan ahal du gai batekiko sentsibilitate jakin bat, baina Gazte Asanblada modura ideologia koherente bat izan behar dugu, eta prozesu horretan gabiltza».
Gazteriarentzako tresna
Asanblada irekia nahi dute; «gazte sentitzen den edozein lagunentzako lekua daukagu», diote. Aktiboak izatea ere garrantzitsua dela diote: «Jarduerak antolatu behar ditugu, eta beste talde batzuekin gauzak antolatzeko prest ere bagaude, ez dugu inolako arazorik». Adostasun zalea ere bada Bermeoko Erdu Txo Gazte Asanblada, hau da, erabakiak eztabaidatu egiten dituzte. Bestalde, beraien burua talde politiko modura definitzen dute, ez, ordea, alderdikoi modura. Asanblada irudimentsua eta sortzailea izango da aurrerantzean. Kideen arabera, ez dituzte betiko gauzak egingo, buelta bat eman nahi die betiko gaiei. Azkenik, herrikoiak izango dira: «Bermeoko gauzak bultzatuko ditugu, gure herriko nortasuna eraikiz».
Kalera ateratzea ere beharrezkoa ikusten dute gazteek, «modu original eta parte hartzaile» batean, gainera. Izan ere, gazteen jomuga izatea dute helburu nagusi: «Gazteek beraien beharrizanak asetzeko asanbladara joa- teko dinamika hartzea, hain zuzen ere. Horretarako, kalera atera behar dugu gure helburuak zeintzuk diren ondo azaltzera». Gazte Asanblada gazteriarentzako tresna izatea gurako lukete.
Arduratuta ere badaude, beste gauza batzuen artean euskararen erabileraz edota herritarren pasibotasunaz. Gazteen hitzetan, «erraza da protesta egitea, baina gauzak aldatzeko, gero, ez da ezer egiten». Bestalde, herriak gazteentzako espazio komun bat beharko lukeela diote, lasai egoteko eta esperientziak elkarbanatzeko gune bat, lokaletatik ateratzeko. «Prozesu luzea izango da, baina horretan gabiltza».
Astean behingo hitzordua
11 lagun inguru batzen dira astero, buruan dituzten helburuak finkatzeko. Egiten ari diren lanerako, baina, gazte gehiagoren laguntza izatea gustatuko litzaieke. «Uste dugu konpromisorako beldur direla gazte asko. Bestalde, asanbladak aurretiaz zelan funtzionatu duen ikusita, izan daiteke jende asko atzera bota izana».
Astean behin batzen dira, gehienetan barikuetan, 18:30ak aldera, Kabidxen. Taldearen ideologia definitzen ari diren momentu honetan, gazteak parte hartzera deitzen dituzte: «Zenbat eta jende gehiago ideia gehiago izango ditugu, eta aberastasuna eta indarra emango dio taldeari. Nahiz eta momentuz jarduera zehatzik egitea ez dugun pentsatu, taldearen burua definitzen ari gara, eta pauso polita da hau ere». 19 eta 24 urte bitarteko gazteak dira gaur egun asanbladan daudenak. Hala eta ere, gazteagoak zein nagusiagoak ere parte hartzera gonbidatzen dituzte.
Orain arte antolatutako ekintzak aipatuta, helburu gabekoak izaten zirela diote, «jaiak baino ez ziren». Hori bai, horiek guztiak arrakastatsuak izaten zirela gogorarazita. Orain arte egin dituzten jarduerak bere horretan jarraituko duten ala ez, oraindik zehazteke dutela diote; «agian, beste pentsamolde batekin bai egin ditzakegu». Esate baterako, uztailean Talan egiten den Taelladie posible liteke egiten jarraitzea, baina beste zentzu bategaz: «Munduko Arrozan modura egitea da proposamen bat, aniztasuna bultzatzeko».
Jai parte hartzaileak
Orain arte antolatu izan dituzten jai bi alderatzen dituzte beti: «Esaterako, Taelladiek uste dugu bai bultzatzen duela jai eredu bat; herrikoa eta parte hartzailea. Bestalde, birritan egin dugun errege bezperako afaria, azken batean kotilloi handi batean bihurtu da, besterik barik. Lehenengo aldiz, Gazte Asanblada ezagutzera emateko antolatu genuen, bigarrenean, berriz, ez dakigu zergatik. Hortaz, lehenengoak jarrai dezake, baina bigarrenak, ziurrenik, ez du jarrai- penik izango aurrerantzean, nahiz eta oraindik ez dugun guztiz erabaki».
Oraindik aurrera antolatuko dituzten jardueretarako, lehenik eta behin, jarduera hori justifikatuko duen testuinguru bat bilatu beharko dutela diote. Gazteen esanetan, jarduerak ez dira antolatuko bakarrik egiteagatik. «Gauza ez da jendea kalera ateratzea mozkorra hartzera, baizik eta zerbait aldarrikatzea, Bermeon beharrezkoa ikusten baitugu. Herri handia izanik, gizarte eta kultura arloan pobre dagoela uste dugu».