«Indarrak batuko ditugu eraldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko»
Kapitalismoak sortutako krisiari erantzun eta herriko egoera ekonomikoan eragiteko asmoz, Duindduz mugimendua sortu dute Lekeition.Zer dela eta sortu duzue Duindduz taldea?Kemen Atxurra. Kapitalismoak sortutako krisiaren harira erantzun ezberdinak egon...
Kapitalismoak sortutako krisiari erantzun eta herriko egoera ekonomikoan eragiteko asmoz, Duindduz mugimendua sortu dute Lekeition.
Zer dela eta sortu duzue Duindduz taldea?Kemen Atxurra. Kapitalismoak sortutako krisiaren harira erantzun ezberdinak egon dira Euskal Herri mailan bai eta herri mailan ere. Greba orokorrak egon ziren, murrizketen aurkako mobilizazioak… Lekeitio mailan ere egin ziren. Gertaera horren aurrean batu ziren indar desberdinak edo beste ekonomi eredu baten alde lanean dauden eragile ezberdinak saretu eta indar horrek bateratu nahi ditugu, eta egitura egonkorrago bat sortu egoera horreri aurre egiteko. Helburu horregaz sortu dugu Duindduz. Talde bat baino mugimendu bat izango litzateke. Hor lanean ibili diren indar desberdinak, eragile desberdinak saretzen dituen mugimendu egonkorra.
Zein izango da mugimenduak jarraituko duen ibilbidea?
Arantza Ugarteburu. Sistema kapitalistari aurre egin behar diogula da egiten dugun hausnarketa. Sistema horrek ekartzen dituen ondorioak mundu mailan ikusten ditugu, pobrezia, miseria, baina bai eta Lekeition bertan ere. Azken urteetan harik eta lotsa gutxiagogaz, gainera. Sistema kapitalista azkenean da batzuen miseria eta pobrezia gutxi batzuk aberasteko, eta azken urteetan oraindik-eta neurri, erreforma edo tratatu indartsuagoak egin dituzte herrira ondorio larriagoak ekartzen dituztenak. Gu ez gara adituak, baina argi daukagu sistema horri buelta eman behar diogula eskubideen defentsa eginez. Lehen ere Karta Soziala lantzen ibilitakoak ere batu gara Duindduz mugimendura, eta orduan ere egin genuen hausnarketa hori. Eskubide sozialen defentsa egingo dugu, baina alternatibak sortu behar direla ere ikusten dugu.
Zelan sortuko dituzue alternatiba horiek?
Herri mailako hausnarketa bat egin behar da, eta formakuntza behar dugu Lekeition ze alternatiba posible dauden edo sortu al diren ikusteko. Kapitalismoak sortzen dituen ondorioei buelta emateko, sistema bera eraldatzeko.
K.A. Gure hondar alea ipiniko dugu sistema kapitalistari buelta emateko. Horretarako kale mobilizazioak zein formakuntza izango dira bidea. Sistema kapitalistaren beste norabidean joango diren proiektu errealak gauzatu edo martxan ipini nahi ditugu. Katalunia aldean badaude, esate baterako, etxebizitza hutsak kudeatzeko kooperatibak, eta alokairu sozialean jartzen dituztenak. Ahal dugun neurrian proiektu txikiak ipini nahi ditugu martxan ekonomia sozial eta eraldatzaile baten alderako bidean. Zentzu horretan egiten dugu apustua, eta zentzu horretan egin nahi dugu lan. Eraldaketa sozial eta ekonomikorantz indarrak batzea eta bidea egiten hastea da helburu nagusia.
Zein da Lekeition ikusten duzuen egoera?
A.U. Kapitalismoaren ondorioak Lekeition ere nabari dira. Lekeition badago miseria, badago pobrezia. Herri txikietan egoera horiek ezkutatu egiten dira, baina Lekeitioko etxe batzuetan gosea ere badagola esan daiteke. Egoera hori ahal den modura eramaten da, baina txarrena da ezkutatuta eramaten dela. Ezkutuan egon beharko lirateke horren kontura aberasten dauden lotsagalduak. Lekeition pertsonen zapalketa hor dago, Lekeition lanik eza hor dago, Lekeition etxe kaleratzeak daude, Lekeition jendea hipoteka ordain- tzeko hil bukaerara ezin ailegatuta dago, alokairu astronomikoak daude, eta gazteak Lekeitiotik alde egin beharrean daude, etxetik ezin irtenda.
K.A. Lekeitio ez dago errealitate orokorretik kanpo. Sistema kapitalistak denoi eragiten digu, Lekeitiori ere bai. Sistema kapitalista krisian dago, baina oraindik, eragin zuzenak ditu. Pertso- nak esplotatzen, natura esplotatzen, ingurumeneko errekurtsoak esplotatzen eta miseriak sortzen jarraitzen du.
A.U. Emakumeen egoera ere sistema kapitalistak bultzatzen du. Emakumeen zapalkuntza eta emakumeari karga guztia lepo gainean eraman behar izatea. Etxeko biziaren karga astuna.
K.A. Krisiaren harira murrizketa asko etorri dira, gainera, osasun arloan eta hainbat sektoretan, eta horrek herriko ekonomian eragin zuzena dauka. Lekeition jarduera ekonomiko oso baxua dago, eta sektore batean dago kontzentratuta, eta sektore hori oso prekarioa da. Horrek guztiak eragin zuzena dauka zapalduen dauden biztanlegoan: emakumeak, etorkinak, gazteak, adin nagusikoak. Bestalde, Lekeition etxebizitza bat eskuratzea oso saila da. Alde batetik, alokairuak oso altuak direlako, eta bestetik, etxebizitzak erosteko prezioak ere oso altuak direlako.
A.U. Alokairu altu horiek, gainera, eragina dute bai eta komertzio txikian ere. Prezio horrek ordainduta dendak aurrera ataratzea ezinezkoa bihurtzen ari da, eta denda txikiak ateak zarratzen dabiltzala ikusten gaude.
K.A. Bizi guztirako hipoteka barik edo bizi guztirako lotu barik etxebizitza duin bat eskuratzea ezinezkoa da. Beraz, herrian bertan bizi proiektu duina garatu ahal izatea ezinezkoa bihurtu da. Ezin da etxebizitza duin bat eta lan duin bat herrian eduki. Ondorioz, edo migratzera kondenatuta gaude, jakinda kanpoan gauzak ez daudela ondo, edo zer edo zelan bizirik irautea ziurtatu behar dugu, jakinda bizi duin bat ez dugula edukiko.
Herriko ekonomiaz arduratzen diren beste talde batzuk ere badagoz Lekeition.
A.U. Guk badakigu honetan gabizen bakarrak ez garela. Herrian badaude beste proiektu batzuk alternatibak sortzen dabiltzanak, eta herrian babes handia eta eragina dutenak ere bai. Gu ikasteko eta eurekin bat egiteko prest gaude.
K.A. Kontsumo taldea badago, aholkulariak badaude. Ekonomia sozial eta eraldatzaile baten ikuspegia dute talde horiek ere. Gure lana saretze lana izango da; horien lanari ere garrantzia eman eta guzti hori bateratzea. Zentzu horretan ahal den-eta mugimendu zabalena nahi dugu izan.
Mugimendua nahi duten guztiei zabalik dago?
A.U. Bai. Astelehenetan batzen gara maisu-maistren etxean. Taldea ezagutzera eman nahi dugu, hausnarketa partekatu eta formakuntzarako ekintzak ere bai. Kalean egongo gara eskubideen defentsan, bai eta hausnarketa partekatzeko, bai eta gero herrian alternatibak sortzea posible egiteko. Horretarako, Lekeitioren beharrizanen inguruko hausnarketak partekatuak izan behar dira.
Aurrera begira, ekintzarik prestatuta daukazue?
A.U. Abenduaren 18an hitzaldi eztabaida bat egongo da Barandiaran aretoan, eta gero, beste ekimen bat egingo dugu abenduaren 24an, bankuz banku kantari joango gara.
K.A. Lehena formazioari begira antolatu dugu, eta bestea kale salaketa modura. Lanerako erabiliko ditugun herraminta nagusiak bi izango dira: alde batetik, kale lana, salaketa eta errealitatea kaleratzea, eta bestetik, salto kualitatibo erreala eman eta proiektu errealak sortu nahi ditugu. Talde eztabaida zentzu horretan doa, hori lortzeko formazio lana behar dugula ikusten dugulako.
A.U. Danok argi daukaguna da egin beharreko lana dela eta buelta eman behar zaiola egoera honi, eta hori dela bidea.