Historiako lasterketa luzeenean parte hartuko du Zihara Esteban auto gidari gernikarrak
Zihara Esteban auto gidari gernikarrak errekorrak hausten jarraitzen du. 20 urte baino ez ditu, eta dagoeneko Espainiako Karting txapelketa, Clio Cup txapelketa, Europako Nascar-eko zenbait lasterketa eta Espainiako asfaltozko eta lur gaineko rally txa...
Lasterketa hori historiako luzeena izango da, 32 orduko iraupen proba izango baita. Hala, parte hartzen duten gidariak, tartean Esteban, errekorren Guinness liburuan sartuko dira.
Gernikarrak asteburuan lehiatuko du Portimaoko proba, azken belaunaldiko Seat Leon bategaz. Auto horrek Montmeloko 24 orduak irabazi zituen. Hala, auto eta talde lehiakorrak izango ditu bertokoak. Estebanen taldea lau edo bost gidariz osatuta egongo da, eta beraien kategorian garaipena lortzea izango da horien helburua. Izan ere, irteera lerroko talderik hoberenetako bat osatuko dute Seat-eko taldekideek.
Esteban pozarren azaldu da Portugalgo lasterketa lehiatzeko aukera izateagatik. Hala, erronka berriari ekiteko motibazioz gainezka dagoela esan du. «Lasterketa ona egin nahi dut, nire babesleei esker ona adierazteko», esan du. Izan ere, Portimaoko lasterketa lehiatzeko Busturialdeko eta Bizkaiko hainbat babesleren laguntza jaso du berto- ko gidariak.
Gernikarrak zenbait urte daramatza lasterketa munduko adituen arreta bereganatzen, orain arte egindako lan apartagatik. Aurten, esaterako, Portimaoko lasterketagaz urte ezin hobea biribilduko du Estebanek. Emakumezkoen mailan, adibidez, asfaltozko eta lur gaineko Espainiako Rally Txapelketak irabazi ditu. Junior mailako gidari guztiak kontuan hartuz gero, gainera, bosgarren sailkatu da.
Bestalde, Munduko Rally Txapelketako Herrialde Katalanetako proba lehiatzeko aukera ere eduki du aurten. Munduko txapelketako proba bat amaitu duen emakumezko gazteena da bertokoa.