«Epaiketa politikoekiko ezadostasunak Euskal Herriko mugak gainditzen ditu»
Asteburuan libre bizitzeko hautua egin du, eta, dioenez, hori posible izango da herritarren konpromisoei esker; orain arte jasotako babesa eskertzeko hitzik ez duela esan du Amezagak.Abokatuaren deiak ezustean harrapatu zuen Jone Amezaga (Errigoiti, 19...
Asteburuan libre bizitzeko hautua egin du, eta, dioenez, hori posible izango da herritarren konpromisoei esker; orain arte jasotako babesa eskertzeko hitzik ez duela esan du Amezagak.
Abokatuaren deiak ezustean harrapatu zuen Jone Amezaga (Errigoiti, 1990), etxera bidean zihoala. Bigarren deiaren ostean, berriz, berehalako erabaki bat hartzera derrigortuta ikusi zuen bere burua. hamazortzi egun eman ditu ezkutuan, eta bizi duen egoerari buruz mintzo da Amezaga.Azaroaren 25eko sententziaren berri izan zenuenean, nola bizi izan zenuen momentu hura? Eta hurrengo orduak?
Abokatuak telefonoz deitu zidanean, justu, autoa hartzekotan nintzen; praktiketatik etxera bueltan, eguerdian. Sustua hartu nuen hasieran. Ez nuen espero albiste hori justu momentu horretan. Telefonoz deika hasi nintzen: etxekoei, lagunei… albistea emateko. Bi ordura, etxean bazkaltzen nengoela jakin nuen atxilotzeko agindua eman zutela. Ezustean harrapatu ninduen; arraroa izan zen. Dagoeneko pentsatzen hasia nintzen 10 eguneko epean zer egin behar nuen: unibertsitateko kontuak lotu, hau, bestea… Nire burua zelanbait antolatzen hasita nengoen, eta, bat-batean, atxilotzeko aginduaren berri jakin izan nuenean egoera kaotikoa bihurtu zen; zer egin behar nuen ez nekien, eta urduri jarri nintzen. Horrela bizi izan nituen lehen ordu horiek.
Berehalako atxiloketa saihestu nahian, ezkutura jo behar izan duzu. Nola bizi izan dituzu egun hauek?
Hasieran ez nuen uste hain luze joko zukeenik. Egoera ez da erraza: ezkutuan zenbat egun eman beharko ditudan ez jakiteak, kalean zer dagoen ez ikusteak… Jendearekin egoteko gogoa daukat, baina ezin. Familiarekin, lagunekin egon nahi dut, eta uneoro beraiengan pentsatzen dut: zertan ibiliko ote diren.. Nik ere han egon nahi dut, pankartak egiten bada ere, baina ezinezkoa dut. Bestalde, egun hauek urduri ere bizi izan ditut, kanpoan zer gertatzen ari den jakin gabe. Dena den, saiatzen naiz denbora halan edo holan ematen.
Hainbat izan dira Jone Libre dinamikaren baitan zabaldu diren elkartasun eta babes adierazpenak. Horren berri izan al duzu?
Bai, zorionez, izan dut bideo eta argazkiak ikusteko aukera, eta sekulakoa da, benetan, Gernika-Lumon eta Busturialdean jendea egiten ari den guztia.
Zer suposatzen du gernikar eta Busturialdeko bizilagun askok eta askok zu libre nahi zaituztela jakiteak?
Ba poztasuna. Poztasun handia sentitu dut zenbat jende mugitu den ikusita: komertzioak, tabernak, kirolariak, musikariak… Jende asko eta ezberdina mugitu da. Horregatik, esker ona baino ez dut beraikekiko; erasoen aurrean jendeak elkartasuna erakutsi duelako eta konpromisoak hartzeko prestutasuna erakutsi duelako. Egia esateko, ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko. Berotasuna bai, berotasun handia eta esker ona, benetan.
Elkartasun mezuek eskualdeko, herrialdeko eta Euskal Herriko mugak gainditu dituzte. Zer adierazten dizu horrek?
Hainbeste eta hainbeste garela epaiketa politikoen aurka gauden herritarrak; eta, aipatu legez, Euskal Herriko mugak ere gainditzen ditu ezadostasun horrek. Azken batean, elkartasun eta babesa hortik sortzen da: hainbeste garelako nahikoa dela, eta epaiketa politikoekin amaitu beharra dagoela diogunok. Hortik sortzen da enpatia, babestu nahia eta elkartasun na-